Gaur goizean Espainiako Auzitegi Naizonaleko epailearen aurrera eraman dituzte iragan igandean Barañainen (Nafarroa) atxilotutako bi gazteak, Xabier Sagardoi eta Luis Goñi. Atzo ziren epaile aurretik pasatzekoak, baina azkenean gaur pasatu dira, Askatasunak eguerdian jakitera eman duenez. Lehenago Fernando Grande-Marlaska epaileak inkomunikazio epea luzatu dietelako atzeratu da deklarazioa, Guardia Zibilak hala eskatuta. Marlaskaren aurrean ere inkomunikatuta igaro dira, eta fiskalaren eskaera kontuan hartuta, kartzelara bidaltzeko agindu du epaileak. Ez dago argi zein espetxetara igorri dituzten. Nolanahi ere, abokatuekin egoten utzi ez dieten arren, senideekin tartetxo batez egon dira, eta "bortizki torturatu" dituztela adierazi diete, Askatasunaren arabera.
"Atxilotuek egozten zaiena ukatu dute epailearen aurrean eta biek salatu dute torturatuak izan direla. Senideei laburtu diotenez bost egun hauetan honakoa egin die Guardia Zibilak: etengabe kolpatuak izan dira gorputz osoan; egun guztietan begiak estalita eduki dizkiete; buruan poltsa jarri diete askotan; elektrodoak jartzeko mehatxua egin diete, baita jartzera zihoazela irudikatu ere; familia ardatz hartuta mehatxu egin diete: ama ospitaleratu dietela, neska laguna atxilotu zutela eta abar...". Hala dio Askatasunak kaleratutako oharrak.
Konfiantzazko abokatuak ez duela oraindik beraiekin egoteko aukerarik izan, gaineratu du preso eta atxilotuen aldeko erakundeak.
Goizean Askatasunak bere kezka adierazi du, gazteak "tortura arriskuan" egon direlako, inkomunikazio aldia jada bost egunekoa baita. "Atxilotuak oraindik orain inkomunikazio egoeran mantentzeak gure kezka areagotu baino ez du egiten. Nola justifika daiteke bost egun inkomunikatuak eduki eta epailearen aurrera eraman izan direnean ere inkomunikazioa mantentzea?".
Fiskalak Barañaingo bi gazteen espetxeratzea eskatu du, deklarazioa amaitu ondoren.
Segiko kideak izateaz akusatuta
Segi gazte erakundeko kide izateaz eta kale erasoetan parte hartzeaz akusatuta agindu du epaileak bi atxilotuak espetxeratzeko. "Talde terroristako kide izatearen delitua" egotzi die, 12 urte arteko kartzelaldiarekin zigor daitekeena. Halaber, triskantzak behin eta berriro eta "kalte terroristak" egin izana leporatu die fiskalak.
Igande goizaldean atxilotu zituen Guardia Zibilak Sagardoi eta Goñi barañaindarrak. Gainera, bien etxebizitzak, herriko gaztetxea, lokal bat eta Akelamendi taberna miatu zituzten guardia zibilek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du ez dakitela zer dela-eta atxilotu dituzten bi gazteak, baina, berri agentzien arabera, ustez Segi gazte erakundearekin lotura izatea eta kale borrokan parte hartzea leporatzen zaie. Igande goizaldetik daude inkomunikatuta, Guardia Zibilaren esku.
Defentsaren abokatuak, guardia zibilek gazteak torturatuko dituzten beldur, habeas corpus-a eskatu zuen, hau da, atxilotuak berehala epailearen aurrera eramatea, Guardia Zibilaren esku ahalik eta denbora gutxien igarota. Askatasunaren arabera, ordea, eskaera horri ezezkoa eman dio Fernando Andreu epaileak, eskaera aurkeztu zutenean Auzitegi Nazionalean guardian zegoenak.
Neurri hori onartzeko itxaropen gutxi zuen abokatuak, eta horregatik eskatu zuen, habeas corpus-a onartzen ez bazen, «tortura eragozteko gutxieneko neurriak» ezartzeko: atxilotuak une oro bideoz grabatzea, konfiantzako medikuak atxilotuekin egoteko aukera izatea eta senideek atxilotuak non eta nola dauden jakitea. Neurri horiei buruz ez du erantzunik eman epaileak, eta abokatuak berriro egin du eskaera.
Inkomunikazio aldian torturatuko dituzten beldur, Nafarroako Arartekoarengana jo zuten atxilotuen gurasoek herenegun, babes eske. Hark, ordea, ezin ziela lagundu erantzun zien, bere eskumenek ez diotelako ahalmenik ematen.
Operazioa zabalik dagoela adierazi du Alfredo Perez Rubalcabak, Espainiako Barne ministroak. Operazio berean, beste gazte bat atxilotzen saiatu zen Guardia Zibila Iruñeko Iturrama auzoan, baina ez zuten etxean aurkitu. Hala ere, Rubalcabak berretsi du segurtasun indarrek ETAren aurka jarduten duten «intentsitatearekin» jarraituko dutela kale borrokaren aurka ere, «kale borrokako ekintza bat bera ere zigorrik gabe gera ez dadin».
Dena dela, Barañaingo Gazte Asanbladak atxiloketak «azpijoko poliziala» izan direla dio, eta UPN eta PSN egin ditu erantzule. AAMk ere bi alderdien gain jarri du ardura, eta atxiloketek UPNko Jose Antonio Mendibe alkatearekin lotura izan dezaketela adierazi du. AAMren esanetan, Mendiberen dendan sutea izan zen orain bi urte, eta orduko hartan eskatutako atxiloketei emandako erantzuna da oraingoa.
UPNk, ordea, «babes osoa» azaldu dio Mendiberi. Sanzen alderdiak dio alkatearen aurka «irainak eta mehatxuak» egin dituztela atxiloketen ondoren. Gainera, salatu du astelehen gauean zaborrontziak erre eta zirkulazioa eten zutela Barañainen. Horren aurrean, herritarrek «lasai» bizi nahi dutela esan du, eta gainerako alderdiei ekintza horiek salatzeko eskatu die.
Herritarrek manifestaziora deitu dute datorren larunbaterako, baina oraindik ez dute zehaztu zein ordutan eta non egingo den. Bitartean, batzar informatiboak egiten jarraitzen dute egunero, 20:00etan herriko plazan.
Atxiloketak
Kartzelara bidali dituzte Barañaingo atxilotuak, eta "tortura bortitzak" salatu dituzte
Bost egun atxiki dituzte inkomunikatuta Xabier Sagardoi eta Luis Goñi, eta fiskalaren eskaria aintzat hartuta, espetxeratzeko agindua sinatu du Grande Marlaska epaileak. Segi erakundeko kideak izatea eta kale erasoetan parte hartzea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu