Atxiloketak

Kartzelara bidali dituzte Iriondo, Zarrabeitia, Artetxe, Egurrola, Gutierrez, Ladislao, Alcocer eta Prieto

Lehen hirurak astelehenean atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Gerde herrian, ETAko kideak direlakoan. Beste bostak ondoren atzeman zituen Guardia Zibilak, Irunen eta Getxon, eta tortura "basatiak" jaso izana salatu dute; ustezko etakideak Frantziako Estatura eramatea egotzi die epaileak. Le Verten arabera, Iriondok ez du erantzukizun zuzenik Capbretongo atentatuan.

2008ko abenduaren 13a
19:47
Entzun
Laurence le Vert Frantziako epaileak Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe gaur kartzelara bidaltzea erabaki du, ustez ETAko kideak direlako; armak edukitzea eta lapurreta egitea ere egotzi die, besteak beste.

Hiru haiek Gerden (Frantzia) atzeman zituen Frantziako Poliziak lehengo astelehenean, Guardia Zibilarekin elkarlanean egindako operazioan.

ETAko buruzagitza militarreko kide izatea egozten diete Iriondori eta Zarrabeitiari. Iriondo lasartearra (Gipuzkoa) da, eta 2002an egin zuen ihes, polizia iturrien arabera. Zarrabeitia Abadiñokoa (Bizkaia) da, eta iturri horien arabera, 2007az geroztik falta da etxetik. Artetxeri (Sopela, Bizkaia) buruz, Bizkaia taldeko kide izandakoa dela besterik ez dute esan.

Frantziako eta Espainiako Barne Ministerioek berebiziko garrantzia eman diote atxiloketa horiei. Izan ere, ETAko talde militarreko buru jotzen zuten Garikoitz Aspiazu (Bilbo) ustezko etakidea duela hiru aste Cauteretsen (Frantzia) atxilotu zutenetik Iriondok betetzen zuen haren papera.

Aspiazurekin gertatu bezala, Le Vertek esan du Iriondok ez zuela erantzukizun zuzenik Capbretongo (Frantzia) atentatuan. ETAk bi guardia zibil hilk zituen han, iazko abenduan.

Irunen eta Getxon atxilotutakoak ere espetxera

Astelehenean bertan Guardia Zibilak 23:00ak aldera Irunen (Gipuzkoa) Ibai Egurrola, Javier Gutierrez eta Amets Ladislao atxilotu zituen, eta asteazkenean Getxon (Bizkaia) Mari Mertxe Alcocer era Maribel Prieto. Bostak gaur pasatu dira Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta honek denak kartzelatzeko agindua eman du. Bostek Guardia Zibilaren aldetik tortura "basatiak" jaso izana salatu dute.

Soto del Real (Espainia) espetxera bidali ditu epaileak. Ustezko etakideak etxean gordetzea eta autoz Frantziako Estatura eramatea egotzi die.

Getxokoak (Bizkaia) dira Egurrola eta Ladislao (Algorta auzokoak), eta Leioakoa (Bizkaia) Gutierrez. Michele Alliot Marie Frantziako Gobernuko Barne ministroak esan zuen Gerdeko operaziotik ihes egin zutela hiru horiek. "Gerdeko atxiloketen unean auto baek ihes egin zuela ikusi genuen, eta auto horretan zihoazen gero Irunen atzemandakoak".

Alcocer eta Prieto beste operazioekin lotuta atzeman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.