Euskal Herrian Soziologiazko Ikerketa Gunerik ez daukagunez, Espainiako CIS (Centro de Investigaciones Sociologicas) erakundeak plazaratzen dituen ikerketekin konformatu behar izango gara. CISek plazaratutako ikerketaren arabera, sozialistak (PSE-EE eta PSN) izango dira hautetsi gehien lortuko dutenak, bederatzi diputatu; hurrena PP, UPNkin batera Nafarroan, izango da, zortzi diputatuekin. Aurreko hauteskundeetan, 2008an, berriz, sozialistek 11 hautetsi eta eskuindarrek bost hautetsi lortu zituzten. Hau da, sozialistek diputatu bi galduko dituzte, eta PPkoek, hiru irabazi. Alderdi espainolek, biek batera, hamazazpi diputatu lortuko dituzte, 2008ko hauteskundeetan baino bat gehiago.
Alderdi espainolek Hegoaldean, aspaldiko partez, elkarren arteko lehian, eta, aldi berean, abertzaleen aurka elkarri loturik ibiltzen dira. Itxura denez, fronte espainolista, PSOE eta PP-UPN, abertzaleak ahalik eta gehien kontrolatzeko kanpaina egiten ari da. Ahal badute, abertzaleek sei-zazpi hautetsirekin utzi nahi dute. Sozialistak prest daude euren galerak PP-UPNekoen eskuetan jartzeko.
Amaiur koalizioaren emaitzarik onena bost hautetsi lortzea izango litzateke, bana Araban, Bizkaian eta Nafarroa Garaian, eta bi Gipuzkoan; parlamentarien talde propio doi-doi eratu ahal izateko. EAJk, ostera, oso zaila du parlamentarien talde propioa lortzea, nekez lor baitezake bost diputatu, oso gertagarria da lau hautetsiekin geratzea edo, are okerrago, hirurekin bakarrik geratu Arabako hautetsia galtzen badu.
Hegoaldean hogeita hiru diputatu hautatu behar dira: zortzi Bizkaian, sei Gipuzkoan, bost Nafarroa Garaian eta lau Araban. Espainolistek hautetsi gehienak lortuko dituzte, hamalau-hamazazpi diputatu. Abertzaleek, berriz, sei-bederatzi hautetsi lor lezakete. Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuetan ikusten denez, espainolistek frontea eratu dute, EAJ eta Amaiur, ostera, elkarren aurkako lehia gogorrean dihardute, ez dirudi estrategia bateraturik daukatenik espainolisten fronteari aurre egiteko.
Espainiako eskuma sendo datorkigu iparraldeko probintzia traidoreak menderatzeko grinaz. Hauteskunde kanpaina zikin hasi da Amaiur koalizioko hautagaien aurkako erasoekin, eta, tamalez, zikin jarraitzeko itxura guztia dauka. Espainiako alderdi nagusiek, PP eta PSOE, ez daude prest alderdi txikiei tarterik uzteko, ez ezkerrekoei, eta gutxiago ere Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko indar abertzaleei.
Itxaro dezagun hurrengo legegintzaldia Espainiako gorteetan bakearen legegintzaldia izatea. Baina, nago, eskuinaren erabateko gehiengoarekin parlamentuan, ez dela izango normalizazio politikoaren legegintzaldia. Abertzaleek eta ezkerreko alderdi txikiek ez dute modurik izango Espainiako gobernuan eragiteko. Euskal Herrian ohi denez, kaskarrean sendo.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak
Kaskarrean sendo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu