Azken orduetan, 11.909 PCR proba egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 863 positiboak izan dira. Asteon kasuak baretzen ari zirela zirudien arren, gora egin dute azken orduetan: bezperan baino 155 positibo gehiago izan dira. Positiboen portzentajeak ere gora egin du, gainera: egin diren proben %7,31 izan dira positiboak, atzo %6,5 izan ziren.
Herrialde guztietan igarri da gorakada, Bizkaian izan ezik. Bertako datuak bezperakoen pare daude: 357 kasu atzeman dituzte, hiru gutxiago. Gipuzkoan, 271 kasuren berri eman dute, eta atzo 165 izan ziren. Nafarroan 166 izan dira kasuak, atzo baino 55 gehiago. Alderik nabarmenena Araban izan da: 122 kasu atzeman dituzte azken orduetan, bezperan halako bi (53). Erkidegotik kanpo bizi diren bederatzi pertsona ere kutsatu direla jakinarazi du Jaurlaritzak. Era beran, 59 pertsona erietxeratu dituzte gaitzaren ondorioz, eta, oro har, Hego Euskal Herriko ospitaleetan 393 gaixo daude. Horietatik 58, zainketa intentsiboetarako unitateetan.
Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak ohartarazi du Nafarroako kasuen %65 Iruñerrian atzeman dituztela, eta "deigarria" dela zenbat ugaritu diren kutsatzeak gazteen artean. Osasun Saila egoera epidemiologikoa "aztertzen eta baloratzen" ari dira "une oro", eta, bilakaeraren arabera, kontseilariak ez du baztertzen nolabaiteko neurriak ezartzea.
Halaber, gogorarazi du kutsatze gehienak familia giroan eta lagun artean izaten direla. Horregatik, taldeak murrizteko, maskara erabiltzeko, distantziak mantentzeko eta eskuak garbitzeko eskatu die herritarrei Indurainek. Ardura "kolektiboa" dela nabarmendu du: "Egoera honetan baldin bagaude, gauzak ez ditugu guztiz ondo egin".
600 lagun testa egiteko prest Leitzan
Egunotan kasuak nabarmen ugaritu direla eta, PCR probak egingo dizkiete hamabost urtetik gorako herritar guztiei Leitzan. Bihar hasiko dira testak egiten, kiroldegian, eta dagoeneko 600 pertsonak hartu dute txanda. Guztira, 2.500 lagun inguru deitu dituzte proba egitera.
Indurainek azaldu du Leitzako tasa "oso garrantzitsua" dela oraintxe: 100.000 biztanleko 1.000 lagun kutsatzen dira han. "Nafarroa osoko tasa gainditzen du luzez, baita tasarik altuenak dituzten herri eta osasun eremuetakoak ere". Kontseilariak Leitzako Udalaren lankidetza nabarmendu du prentsaurrekoan.
Leitzaz gain, beste bi tokitan ere proba masiboak egiten ari dira osasun langileak une hauetan. Mungian (Bizkaia) 530 test egin dizkiete herriko taberna batean izan ziren pertsonei, eta hamabost kasu detektatu dituzte oraingoz. Oraindik 125 probaren emaitzak falta dira jakiteko.
Bestalde, Irungo (Gipuzkoa) Ficoba eraikineko instalazioetan ehunka test egin dizkiete Gaztelumendi tabernan izan zirenei. Orain arte 769 test egin dituzte, eta positibo bakarra atzeman dute, 37 testen emaitza jakitea falta den arren. Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du hemendik aurrera probak Bidasoako ospitalean egingo dituztela eta norberak bere osasun etxera deitu beharko duela ordua hartzeko.