Berritasun ugarirekin dator aurtengo Iparra-Hegoa kultur jaialdia. Besteak beste, Amets Arzallusek eta Xutik taldeak sortutako Gare gera gire abestia, edota jaialdia ardatz hartuta sortutako webgunea.
Horretaz gain, eta kultur astearen aurretik eta ondoren beste hainbat ekitaldi izango diren arren, datorren astelehena eta igandea bitartean egingo dituzte jardunaldi eta ekimen nagusiak. Aste horretan Katalunia izango da protagonista eta bertako prozesu independentista izango dute aztergai BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik eta Kristina Berasain eta Enekoitz Telleria kazetariek zuzendutako beste hainbat mahai-ingurutan. Horietan parte hartuko dute, besteak beste, CDCko Victor Terradellasek, ERCko Joan Tardak eta CUPeko David Fernandezek. Datorren astelehen, astearte eta asteazkenean egingo dituzte mahai-inguruak.
Asteburua gerturatu ahala, denetarik ikusi eta dastatzeko aukera izango dute Segurara hurbiltzen direnek. Esaterako, bertso eta kantu poteoa Alaia Martin eta Amets Artzallusekin ostegunean, edota ekitaldi instituzionala eta Castell erraldoia igandean.