Katalunia eta Euskal Herria "subjektu politikoak" direla aldarrikatu du EAJk

2014ko martxoaren 26a
17:36
Entzun

Katalunia eta Euskal Herria "subjektu politikoak" direla aldarrikatu du Koldo Mediavilla EBB Euzkadi Buru Batzarreko Arlo Instituzionaleko arduradunak, ohar bidez. Atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako epaia arbuiatu badu ere, "positiboa" iruditzen zaio auzitegi horrek ebatzi izana erabakitzeko eskubidea "Espainia barruko nazioek aldarrikatu dezaketen xede politiko gisa". Mediavillaren arabera, hain zuzen ere horixe eskatu du EAJk orain artean, betiere "legearen barruan".

"Batzuetan politikariak dira Konstituzioa bera baino konstituzionalagoak, eta handizkatu egiten dute haren defentsa, Konstituzioak biltzen ez dituenak babestuz", dio Mediavillak.

Erabaki "politikoa"

Joseba Egibar EAJren GBBko presidente eta Eusko Legebiltzarreko taldeko bozeramaileak esan du “politikoa” dela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak burujabetzaren alde egindako adierazpenaren aurka argitara eman duen epaia, "adierazpen politiko bati erantzuten diolako". Egibarren arabera, parlamentuak ez zuen onartu Espainiako Konstituzioaren aurka doan testurik. Horrek guztiak, EAJko buruaren iritziz, adierazten du Espainiako Estatuak “beldur" diola "kataluniarrek demokratikoki eman dezaketen erantzunari”. 

Esan du "estatuaren egiturak porrot" egin duela, eta dauden eztabaidei ezin zaiela aterik itxi. “Denborak erakutsi du arazoa ez zela konpondu. Nahikoa da gogoratzea 2004an [EAEn] onartu genuen Estatutu Politikoa eta gaur egun Katalunian galdeketaren alde egiten ari diren lana".

Bihar Eusko Legebiltzarrean eratuko den Autogobernuaren Ponentziaz aipatu du erabakitzeko eskubidea eztabaidagai izango dela. EAJk ahal den adostasun zabalena bilatu nahi duela adierazi du Egibarrek, eta ohartarazi du EAJk ez duela betorik onartuko. “Ahobateko adostasunik ez dagoenean gehiengo demokratikoek egiten dute aurrera”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.