Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak

Kataluniak eta Espainiak hartu dute protagonismoa

Diada eguna izan ohi da irailaren 11 Katalunian, baina festa eta aldarrikapenak mugak gainditu ditu, eta legebiltzarrerako bozetan txertatu dute hautagaiek; berdin gertatu da Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioekin ere.

PSE-EEko hautagai Idoia Mendia, Gasteizen, Pedro Sanchez idazkari ngusiarekin. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
2016ko irailaren 12a
17:24
Entzun

Urtero moduan, kalera irten ziren atzo milaka herritar Katalunian, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz. Ordea, deiadar haren oihartzunak mugak gainditu zituen, eta legebiltzarrerako bozetako kanpainan ere entzun ahal izan zen.

Kataluniakoa adibide hartuta, prozesu independista bat abian jartzeko unea dela nabarmendu zuen EH Bilduko kide Maddalen Iriartek, Durangon eginiko ekitaldian (Bizkaia). "Hau da herri honekin hartzen dugun obligazioa, anbiguotasunik eta neurtutako hitzik gabe. Lau urterako hautatzen gaituzte. Gurea ez da betikotasuna. Gurea askatasuna da". Hain zuzen ere, Katalunian izan ziren EH Bilduko hainbat kide atzo, besteak beste, Pernando Barrena eta Bakartxo Ruiz. Azken horrek "nazio mailako akordio zabalak" egitera deitu zituen alde guztiak.

Diada izan zuen hizpide Iñigo Urkullu lehendakariak ere, Laudion egindako ekitaldian (Araba). EAJko hautagaiak, ordea, ez zuen aipatu independentziarik, "erabakitzeko eskubidea" baizik. "Euskadik etorkizunera begiratzen du; Espainia, aldiz, iraganera doa", nabarmendu zuen Urkulluk, eta zehaztu, hemen "desberdinen arteko akordioak" lortzen diren artean, Espainian "nahasmenean murgilduta eta hauteskundeak errepikatzeko zorian" daudela.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen Elkarrekin Podemoseko hautagai Pili Zabalak ere Donostian eginiko ekitaldian, baina zehaztuta erabakiak "legeekiko errespetuz" eta "aldebikotasunez" hartu behar direla, soilik horrela izango baitu prozesuak herritarrek behar duten "segurtasuna eta egiazkotasuna".

Lurreratu dute

Gobernua osatzeko ahaleginak alde batera utzita, alderdikideei sostengua agertzera etorri dira asteburuan PP eta PSOEko ordezkariak. Gasteizen izan da Pedro Sanchez sozialisten burua, eta han "aldarrikapen nazionalistak" alde batera utzi eta "gizarte gaiei lehentasuna emango dien agenda baten alde" bozkatzeko eskatu die herritarrei.

Langraiz Okan (Araba) egindako ekitaldian, berriz, Andrea Levy izan da, Espainiako PPko Ikasketa eta Programetarako idazkariordea. Alderdi Popularraren aldeko botoa eskatu die Levyk herritarrei, argudiatuta hori dela "Espainia desblokeatzeako modua". "Blokeoak indartu egiten ditu erradikalak eta independentistak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.