Azken egunotan gertatutakoak eta "gatazka" kudeatzeko moduan "irudikatu ezin genituen mugak gainditu" dituela salatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta eskatu dio Espainako Gobernuari has dezala negoziazio prozesua, "Espainiako, Euskadiko eta Kataluniako gehiengoen nahiak demokratikoki batzeko helburarekin".
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak tamalgarritzat jo du erreferendum egunean gertatutakoa, eta salatu du Poliziaren jarrera "erabat neurrigabea" izan zela. Forum Europak Bilbon antolatutako gosarian Urkulluk nabarmendu du Kataluniako gizarteak ez duela "halakorik merezi" eta ohartarazi du atzo gertatutakoak "ondorioak" ekarriko dituela. "Beharrezkoak dira elkarrizketa eta negoziazioa. Aintzat hartu behar litzateke Eskoziak egindako bidea, non legezkotasuna eta demokraziaren oinarriak batzeko gai izan ziren".
EAJko buru Itxaso Atutxak bere aldetik gogorarazi du alderdi guztiekin hitz egiteko prest daudela, nahiz eta aitortu une hau ez dela "egokiena" Madrilgo gobernuarekin akordioak adosteko. "Une honetan gobernu zentralak irtenbidea eman behar dio bizi duen gatazkari, irtenbide politikoa. Politikagintzarik gabe ez dago elkarbizitzarik, eta hura gabe ezinezkoa da gizartea eraikitzea".
Aldebikotasunik ez
EH Bilduk Espainiako Senatuan duen ordezkariak, Jon Iñarrituk, oso bestelako irakurketa egin du. Haren iritziz, erreferenduma egunean gertatutakoak argi uzte du amaitu direla elkarrizketarako aukerak. "Kalean bizi izan zituzten zailtasun guztien gainetik, agindu argia eman zuten atzo. Kataluniako gizartearen gehiengoaren ordezkarien erabakia edozein dela ere gure babes osoa izango dute".
Eusko Alkartasunak ere oharra kaleratu du igandean gertatutakoa gaitzetsiz eta elkartasuna adieraziz bai Generalitateari eta baita gizarteari ere, eta batez ere, ERC alderdiari.