komunikabideak

Kataluniako bozen berri emango du bihar BERRIA.INFOk

Webeko edizio jarraian albisteak, erreakzioak eta emaitzak emango ditu, eta 'Berriketan.info' sare sozialaren bitartez zuzeneko kontaketa eta adituen iritziak jasoko ditu.

2010eko azaroaren 27a
13:16
Entzun
Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskunde gauaren berri BERRIA.INFOn jakin ahalko da bihar. Egunean zehar webguneko edizio jarraian bozetako parte-hartzeari buruzko eta bestelako albisteak egingo ditu, eta hautestontziak ixten dituztenetik aurrera -20:00-, berriz, emaitzak emango ditu, alderdi politikoen erreakzioak...

Halaber, 20:30etik aurrera Berriketan.info sare sozialaren bidez zuzeneko kontaketa egingo dute Kataluniako hauteskundeetako taldeko kide batzuek. Ane Urrutikoetxea kazetariak egingo du kontaketa Bartzelonatik, CiUren hauteskunde gaueko egoitzatik; Majestic hotelean izango den giroaren berri emango du, hain zuzen ere. Horrez gain, Martin Aranburu, Jose Mari Pastor, Maria Colera eta Aitor Arruti sareko taldekideak ere ariko dira analisiak plazaratzen.

Orain arte, BERRIAren webgunean zuzeneko kontakizunak Twitter bidez eta Cover It Live programarekin egin dituzte. Bihar, berriz, Berriketan.info sare sozialaren bidez, aurrenekoz.

Beste kontakizun batzuekin alderatuta, berrikuntza garrantzitsu bat ere bada: edonorentzat irekia izango da Interneteko emankizuna, eta jendeak parte hartzeko aukera izango du, bere iruzkin edo iritziekin. Adituei galderak egiteko modua ere izango dute internautek.

Berriketan.info-k eskuineko alboko zutabea bete ohi du BERRIA.INFOko lehen orrian. Bihar gauean toki nagusian egongo da, ordea.

=bDagoeneko ia 400 erabiltzaile 'Berriketan.info'-n=b

Oraindik ez da hilabete igaro Berriketan.info sare soziala martxan jarri zuenetik BERRIA Taldeak -azaroaren 4an jarri zuen abian-, eta dagoeneko 380 lagunek baino gehiagok erabiltzen dute. "Sare sozialen munduan toki bat izan dezakegula ikustea oso positiboa da", adierazi du Jon Ordoñez Berriketan.info-ko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.