Datorren igandean euren etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dute Donostia, Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko herritarrek. Galdeketen inguruko azken xehetasunak eman dituzte gaur antolatzaileek.
Besteak beste, igandean Euskal Herrian zer begirale izango diren iragarri dute. Hauek dira horietako batzuk: ANCko buru Elisenda Paluzie eta Omniumeko presidenteorde Marcel Mauri Kataluniatik; Independence Convention-eko nazioarteko ordezkari Shona McAlpine Eskoziatik; eta Julieta Gaztañaga antropologoa Argentinatik.
Horretaz gain, iragarri dute neurriak hartuko dituztela inork bi aldiz bozka ez dezan, eta Berme Batzorde bat ere prestatu dute, urrats guztiak betetzen direla ziurtatzeko. Hainbat legelari eta politiologok osatuko dute aipatu batzordea.
Urriaren 29az geroztik aukera dago aurrez bozkatu ahal izateko. Ordea, gehienek igandean bertan bozkatzea espero dute. Horiek hala, 2.000 laguneko taldea osatu dute herriz herri galdeketa ahalbidetzeko.