Urte politiko berria eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren Kongresua behar zuen izan hizpide Idoia Mendiak opor ostean eskainitako lehen hitzaldian, baina Katalunia bihurtu da ardatz eta ia gai bakar. PSEko idazkariak kritikatu du “batzuen asmo nazionalistek” ezegonkortasun juridikoa sortzen dutela eta, atzo ikusi zen bezala –parlamentuko saioari erreferentzia eginez—, “zentzugabekeria”. Katalanak “bide bazterrean utzita” daudela gaineratu du: “Erreferendumaz eztabaidatzen duten bitartean, munduak aurrera jarraitzen du, eta inork ez du Kataluniako gizartea horretarako prestatzen”. Urriaren 1eko galdeketaren harira, Pedro Sanchezek eta Mariano Rajoyk egindako batzarraren inguruan adierazi zuen “estatuko gaietan” gobernuarekin bat egingo dutela, eta atzoko gertakariek “erantzun bateratua” behar dutela azpimarratu zuen. Azaldu duenez, lurraldetasunaren arazoaren aurrean erantzuna Konstituzioaren erreforma da.
Ildo horri eutsiz, gogoratu du PSEri esker joera “suizida” horiek albo batera utzi direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horren ondorioz “herritarren agenda soziala” bermatu ahal izan dutela. “Ez ahaztu 2009 arte horrela geundela gu ere, eztabaida identitarioetan nahastuta”. Mendiak adierazi du “egonkortasuna” ekarri dutela erakundeetan parte izan direnean eta erakundeetatik jarraituko dutela politika sozialak eta ekonomikoak lantzen. “Egun aurrekontuak ditugu, eta lasaitasuna lortu dugu eguneroko erronkei aurre egiteko”. Adierazi duenez, herritarrek “lasaitasuna, egonkortasuna eta pluraltasuna” baloratzen dute, eta PSEk bermatzen du hobekien gizartearen aniztasuna: “Alde horretatik, gero eta gehiago nabaritzen da zeinen ondo gauden hemen eta zein gaizki dauden Katalunian”.
Alde horretatik, nabarmendu du 2018ko urte politikoa “oso garrantzitsua” izango dela, ez baitago hauteskunderik, eta horrek “Euskadik faltan dituen erreforma nagusiak” egonkortzeko aukera eskainiko diela. “Datozen hamabi hilabeteetan lortzen duguna azken lau urteotako ondarea izango da hurrengo legegintzaldira begira”. Erreforma horien zerrendatik nabarmendu ditu aurrekontuen akordioa lortzea, autogobernuko lantaldearen bitartez Gernikako Estatutua berritzea, transferentziak negoziatzea eta babes sozialeko sistema erreformatzea.
Alderdi guztiei erantzukizuna eskatu die Mendiak: “Egun, Euskadin gehiengoa duen gobernu plural bat dago, eta beste indarren esku dago herria modernizatzeko proiektuaren parte izatea”.
PSEren kongresua irail bukaeran
Tarte bat ere baliatu du PSEko idazkari nagusiak iraileko azken asteburuan egingo den PSEko zazpigarren kongresuaz aritzeko. Mendiak adierazi du uda aurretik ari direla lanean, eta bertan finkatuko dituztela alderdiaren hurrengo lau urteetarako bide politikoa. Alderdi barruko prozesua “irekia demokratikoa eta parte hartzailea” izaten ari dela, eta parte hartzea “masiboa” izan dela azpimarratu du.