Urte politiko berriko lehen gobernu kontseiluan onartu dute lege proiektua. Hori adierazi du Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak, eta Parlamentuan aurki eztabaidatuko dela jakinarazi du.
Homsek azaldu duenez, “etorkizunera begira” hartu dute erabaki hori, hau da, estatu propioa izango duen Katalunia bati begira. Haren arabera, Nazioarteko itun eta hitzarmenetan Espainiako estatuak dituen eskumenak aitortzen ditu lege proiektuak, soilik administrazioaren esparruko harremanak zehazten baititu.
Administrazioaren eremua Generalitatearen eskumena denez, Kanpo Ekintzarako legea onartzeko eskumen osoa duela berretsi du Homesek: “Espainiako estatuak ezin du aurretiazko kontrolik ezarri, Konstituzioa erreformatu beharko luke”.
Homsek adierazi duenez, Generalitatearen helburua Katalunia mundura zabaltzea da, eta horretarako beharrezkoa da aktore guztiak mobilizatzea. Kanpo Ekintzarako legeak hori ahalbidetzen du, subjektu berriek parte hartu ahal izango baitute.
Kanpo Ekintzarako legearen nondik norakoak
Lege proiektuak alderdi berritzaileak dauzkala jakinarazi du Homsek: diplomazia publikoa barneratzen du, non kanpo iritzi publikoan eragina izan dezakeen edozein agente publiko edo pribaturen ekintzak zehazten diren; industria eta hizkuntza katalana atzerrira hedatzeko diplomazia kulturala gehitzen du; diplomazia ekonomikoa definitzen du, turismoa edo inbertsioak sustatze aldera; eta, azkenik, aldebiko harremanak zehazten ditu, Generalitateak “modu zuzenean” defendatzeko "katalanen interesak" atzerriko gobernuekin, nazioarteko erakundeekin eta Europako Batasunarekin.