Atzo jakinarazi zuen epaia Espainiako Auzitegi Gorenak, nahiz eta ebazpena otsailaren 19koa den. Kataluniako Auzitegi Nagusiak iazko martxoan ebatzi zuen gurasoei, hala nahi badute, bermatu egin behar zaiela seme-alabek gazteleraz ikasteko aukera, baina horrek ez duela auzitan jartzen murgiltze eredua. Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabaki hura.
Guraso batek helegitea jarri zuen Kataluniako Gobernuaren aurka, seme-alabek gazteleraz ikas zezaten ukatu ziolakoan. Helegite horretan bertan, gurasoak eskatu zuen gaztelera ezartzeko eskolako hizkuntza nagusi gisa.
Gai horri buruz epaitegiek aurretik eginiko interpretazio nahasiak argitzera jo du Auzitegi Gorenak azken ebazpen horretan. Esaterako, epaitegi horrek berak, 2010ean, bi hilabeteko epea eman zion Kataluniako Gobernuari gaztelera ezar zezan hezkuntzako hizkuntza nagusi gisa. Epaitegiak ebatzi du gurasoei bermatu egin behar zaiela seme-alabek gazteleraz ikasteko aukera, baina gaineratu du ez duela murgiltze ereduari buruzko eztabaidan sartu nahi.
Werten erreforma, ezbaian
Epaitegiaren ebazpen aurrez aurre jo lezake Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak egin asmo duen hezkuntza erreformaren aurka. Murgiltze eredu orokortuaren aldean, Hego Euskal Herriko sistema, eredu bat baino gehiago aukeran jartzen dituena, hobetsi du Wertek. Hego Euskal Herriko sistemari jarraitzeko iradoki zion Kataluniako Generalitateari iazko abenduan.
Euskal Herrian ere eragina izan dezake ebazpenak, gazteleraz ez den beste hizkuntza batean murgiltze ereduak ezartzea debekatzeko asmoa baitzuen Espainiako Gobernuak.