«Kargua hartu nuenean hitzeman nuen bezala, Konstituzioa bete eta betearaziko dut». Hala erantzun du Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek, Kataluniako ikasleak «espainiartzeko» dituen asmoak betetzeko zer egingo duen galdetu diotenean. Senatuan egin zioten galdera, atzo. «Ez daukat murgiltze eredua ukitzeko asmorik. Baina nire betebeharra da beren seme-alabak gaztelaniaz matrikulatu nahi dituzten gurasoen eskubideak bermatzea». Gainera, salatu zuen bere adierazpenak ez zirela behar bezala ulertu: «Guk nahi duguna da Katalunian ikasten duten ikasleek aukera izatea espainiar izateagatik harro sentitzeko».
Entesa Catalana de Progres taldeko bozeramaile Joan Sabetek nabarmendu zuen Wertek ez duela ezagutzen Kataluniako hezkuntzaren errealitatea. «Zure hitzek eta gisakoek jartzen dute arriskuan elkarbizitza». EAJko senatari Ruth Martinezek, berriz, hartzen ari den neurrien xede bakarra hezkuntza zentralizatzea izatea leporatu zion.
Kataluniako ikasleak «espainiartzeko» asmoari eutsi dio Wert ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu