Kataluniako Gobernuaren babesa ere jaso dute Altsasuko auziko auzipetuek eta haien gurasoek. Justizia kontseilari Ester Capelarekin bildu dira eta prozesu judizial osoan zehar jasaten ari diren "babesgabetasunaren" berri eman diote. Horrekin batera, Kataluniatik jaso dituzten "babes eta maitasun keinu etengabeak" eskertu dituzte.
Auzipetuen senideek Justizia kontseilariari gogoratu dizkiote haien seme-alabei jarritako espetxe zigor gogorrak —bederatzi eta hamahiru urte artekoak—, eta epaia irmoa ez den arren zortzi auzipetuetatik zazpi espetxean daudela —ekainaren 5ean atxilotu zituzten haietako lau, eta 2016ko urritik preso daude beste hiru—.
Auzipetuen gurasoek gogoan izan dituzte, halaber, Kataluniako preso politikoak. Haiek bezala, Altsasuko gazteak ere Iruñeko espetxera hurbil ditzaten eskatu dute.