herrialde katalanak

Kataluniako Legebiltzarraren burujabetza adierazpena bertan behera utzi du Espainiako Konstituzionalak

Behin-behinean baliogabetu du Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako Gobernuaren inpugnazioa onartu ostean. Kataluniako Legebiltzarrarentzat "ezohikoa, juridikoki zentzugabea eta aurrekaririk gabea" da erabakia, eta alegazioak egingo ditu.

2013ko maiatzaren 8a
18:33
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Legebiltzarraren burujabetza adierazpenaren kontrako helegitea onartu du, eta atzera bota du bere aplikazioa. Urtarrilaren 23an onartu zuten Katalunia "subjektu juridiko eta politiko subirano" gisara izendatzen zuen adierazpena, eta Espainiako Gobernuaren inpugnazioa onartu du Konstituzionalak. Auzitegiak lehen aldiz bota du atzera demokrazian balio juridikorik ez duen adierazpen bat. 

Inpugnazioa bost hilabeterako da, auzia sakonean aztertzen duen bitartean hartutako erabakia. Konstituzionalaren erabakia indarrean dago joan den martxoaren 8tik, Mariano Rajoyren gobernuak helegitea aurkeztu zuenetik, eta Generalitateak hogei egun izango ditu alegazioak aurkezteko.

Estatuaren abokatuak bertan behera uzteko eskatu zuen, Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela uste duelako. Haren ustez, Kataluniak ez du erabakitzeko eskubiderik, eskubidea Espainiako herriari dagokio.

Konstituzionalak duela egun batzuk legebiltzarrari galdetu zion erabakitzeko eskubidearen alde egin dituzten bi adierazpenetatik zein den legebiltzarrak ontzat jotzen duena; urtarrilaren 23koa edo martxoan egindakoa. Martxoko akordioak Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa zabaltzearen alde egiten zuen. Baliozkoak biak direla erantzun zuen legebiltzarrak, alegia, bigarrenak ez duela balio gabe uzten lehena.

Martxoaren 13an, Kataluniako Legebiltzarraren bi herenek baino gehiagok (104 boto) autodeterminazioaren aldeko galdeketa egin ahal izateko “elkarrizketa hasteko” eskatu zion Madrili. Ekimen horretan, urtarrilekoan ez bezala, PSCk ere aldeko botoa eman zuen.

Kataluniako Legebiltzarraren erantzuna

Nuria de Gispertek eman ditu azalpenak, Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak: "Ezohikoa eta juridikoki zentzugabea" da erabakia, "aurrekaririk ez duen gertaera". Argi utzi duenez, legebiltzarreko ohiko prozedurari jarraituz onartu zen erabakia, gisa horretako proposamen guztietan egiten den bezala, eta haren izaerak "eduki politiko" hutsa dauka. Alegazioak egiteko agindu die zerbitzu juridikoko langileei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.