ATXILOKETAK

Katalunian atxilotutako hirurak espetxeratu dituzte

Etakide izatea leporatu diete Faustinori, Aristegiri eta Rosalesi. Gipuzkoan atxilotutako lau pertsonek torturak salatu dituzte, eta Jose Camachok esan du horregatik dagoela ospitalean. AAMren arabera, 'poltsa' egin diote, eta ariketa fisiko ugari eginarazi. Hankako giharra hautsia du, eta infekzioa odolean. Guardia Zibilak orain arte esan du atxilotu aurreko gaixotasun batengatik dagoela erietxean.

2010eko otsailaren 20a
17:11
Entzun
Aste honetan Katalunian atxilotutako Faustino Marcos, Adur Aristegi eta Jon Rosales ustezko etakideak espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak. Atxilotu zituztenez geroztik, inkomunikatuta egon dira hirurak.

Poliziak Marcosi leporatzen dio Katalunian ETAren azpiegitura osatu nahian aritu izana. Epaileak autoan dio lehergaia gordetzeko eta lehergailuak prestatzeko leku bila joan zela Marcos Kataluniara. Etakide izatea eta armak edukitzea leporatu dio, atxilotze unean pistola bat zuelako. Aristegiri eta Rosalesi, berriz, Ibai Beobide ustezko etakidearekin harremana izatea egotzi diete. Epaileak autoan berretsi du Rosalesek Beobiderekin harremana zuela, eta ETAri laguntzen ari zela Beobidek hala eskatuta. Hura atxilotu ondoren ihesi joan zen Rosales, betiere epailearen arabera, eta hari ihes egiten lagutzen ari zen Aristegi atxilotze unean.

Bestalde, Gipuzkoan atzemandako Jose Camachok, Josune Baldak, Juan Mari Mariezkurrenak eta Euri Albizuk salatu dute Guardia Zibilak torturatu egin dituela inkomunikazio aldian. Ospitalean dago Camacho, eta, AAMren arabera, adierazi du pairatutako torturen ondorioz erietxeratu behar izan dutela. Besteak beste, jakinarazi du poltsa egin diotela, eta hainbat ariketa fisiko eginarazi. Eskuin hankako giharra hautsia du, eta infekzioa izan du odolean. Guardia Zibilak orain arte defendatu du atxilotu aurreko gaixotasun baten ondorioz eraman behar izan zutela erietxera.

AAMren arabera, atxiloaldi osoan kamiseta batekin soilik izan dute Camacho, eta irainak eta mehatxuak egin dizkiote. Poltsa askotan egin diote: "Kaputxa lodi bat jartzen zioten buruan eta gainean poltsa, arnasarik gabe uzteraino. Hau egiten zioten bitartean ariketa fisikoak eginarazten zizkioten, makurtzera behartuz eta berriz zutitzera behartuz. Hau ere behin eta berriz eginarazi zioten. Berak ezin zuenean Guardia Zibilak egiten zion mugimendu hori", jakinarazi du AAMk.

Jasandako tratuaren ondorioz erietxeratu behar izan dutela dio Camachok. "Une batean botaka hasi zen ahotik, eta Guardia Zibilek hau ikusi zutenean mediku forensearengana eraman zuten. Honek Camachoren egoera orokorra ikusi zuenean ospitalizatzeko agindua eman zuen, bereziki hankan gertatzen ari zitzaionagatik". Parte medikurik ez du jaso oraindik, baina AAMk berri eman duenez, eskuin hankako giharra hautsia du, eta infekzioa odolean.

Josune Baldak jakinarazi du Madrilen emandako lehen egunean jasan zituela tortura gogorrenak. "Poltsa askota jarri diote buruan arnasarik gabe uzteraino, eta gehiago ezin zuenean lurrera erortzen zen. Lurrean zela gainera botatzen zitzaizkion Guardia Zibilak. Mehatxu asko egin dizkiote alabarekin, semearekin eta bikotearekin. Umilazio eta irain handiak jasan ditu", berri eman du AAMk. Behin polizia deklarazioa eginda torturak amaitu zirela esan du Baldak, nahiz beldurrez egon den atxiloaldi osoan.

Juan Mari Mariezkurrenak ere adierazi du 'poltsa' behin baino gehiagotan egin diotela, eta baita flexioak eginarazi ere. "Barrabilak estutu dizkiote, kolpeak eman dizkiote eta mehatxu, irain eta umilazioak jasan ditu". Euri Albizuk ere gainerakoen tortura salaketa antzerakoak egin ditu.

Atxiloketak eta ustezko torturak salatzeko, manifestaziora deitu du AAMk. Gaur iluntzean, 19:30ean, protesta egingo dute Bilbon, Etxebarrieta anaien plazan abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.