Ildo horretatik, Batasuna ez Euskal Herriko beste alderdi abertzaleek ETAren iragarpena dela-eta izan duten erreakzioa gogor kritikatu du Barrenak, EAJ, EA zein Aralar aipatuz. Hain zuzen ere, adierazpen gogorrenetakoak egin zituena Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zela nabarmendu du Barrenak, eta erreakzio "bortitz" horren atzean, dagokien erantzunkizunei behar bezala erantzun ez izanaren lotsa dagoela iritzi dio. "Ibarretxek eta beste batzuk ikusi dute Bergarako ekimenari uko eginez, uko egin zitzaiola ez bakarrik hauteskundeetarako aukera bati, baizik eta Katalunian gertatu denaren antzeko zerbait hemen gertatzeari. Horrek azaltzen du Ibarretxek eta beste batzuk hain erreakzio bortitza izatea, lotsak eta erantzukinzunak ezkutatu behar baitituzte", azpimarratu du.
Nolanahi ere, ETAk Katalunian ekintza armatuak bertan behera utzi izanak "poza" sentiarazi ziola esan du Barrenak; "berri ona" dela nabarmendu du. Ildo horretatik, Euskal Herriko gatazka gainditzeko eta euskal gizartea normalizatzeko distentsioa beharrezkoa dela esan du Batasunako buruzagiak, eta, halaber, esan du Katalunian posible izateak erakusten duela Euskal Herrian ere horrelako egoera bat iristea posible dela. "Gauzak ondo eginez gero, aurrerapausuak eginez gero, Euskal Herrian ere posible da", esandu. Hain zuzen ere, ETAk distentsiorako borondatea duela agertu du.
EAko Erkiaga erabateko su-etenaren itxaropenean
EAJko Markel Olano, EAko Josu Erkiaga eta EB-IUko Mikel Arana, ostera, bat etorri dira baieztapean batean: Katalunian su-etena aldarrikatuz Espainiako gorteetarako hauteskunde kanpainan eragin nahi izan zuelaETAk. "ETAk kanpaina guztietan parte hartu du: orain arte atentatuen bidez, eta, orain, adierazpen batekin", azpimarratu du Aranak. Funtsean, ETAren iragarpenak sumindura sortu ziola esan du Aranak, "ez su-etena aldarrikatu duelako, baizik eta, Kataluniarako bakarrik eman duelako. Horrek ez du zentzurik 'giza eskubidean denontzat' eta horrelakoak aldarrikatzen direnean. Talde terrorista bat dela erakutsi du, beldurra erabiliz parte hartzen duelako politikan eta kanpainan".
EAko Erkiagaren iduriko, ETAren azken mezuak badu alde onik,funtsean, leku mugatu batean bada ere, atentatuak eta hilketak entengo dirleako. Dena den, iragarpen horren inguruko irakurketa politikoa egitea derrigorrezkoa dela nabarmendu du Erkiagak, eta irakurketa politiko hori egitean, ezin dela ahantzi iragarpena hauteskunde kanpainan heldu denik. "Kanpainatik kanpo egin izan balu, beste era batera ulertuko litzateke, beste zentzu bat izango luke". Dena den, itxaropentsu agertu da EAko buruzagia, eta adierazi du, uda baino lehen ETAk erabateko su-etena aldarrikatuko duela. "Ez daukat hori baieztatzeko datu zehatzik, baina ETAren azken mezuak politikoagoak dira militarrak baino, eta horregatik uste dut laster albiste onak izango direla", azaldu du.
Olano: "Ezker abertzalea da kaltetuena"
EAJko Olanoren iduriko, ETAk kanpainan parte hartu du azken agiri horren bidez, baina, hala ere, esan du, hori ez dela garrantzizkoena, baizik eta argi geratu dela ezker abertzalearen bide politikoa ETAk markatzen duela. Gainera, horrek kalte handiena ezker abertzeleari berari egiten diola erantsi du. "Gertatu dena oso argigarria eta pedagogikoa da etorkizunera begira eman daitezkeen urratsen inguruan. Uste dut apostu politiko bat egin behar bada, eta ezker abertzaleak tresna politiko eta demokratiko hutsen aldeko apostua egin behar badu, gauzak ezin dituela edonola egin. Momentu honetna, apostu politiko horrek zein ezaugarri izan behar dituen definitu beharrean gaude, eta ETAk hartu duen jarrera, bidea markatzekoa izan da. Bidea markatu eta zaintzearekin batera, guztiz pozoindu du giro politiko guztia. Kaltetuena ezker abertzalea bera da, ekimen politikoa ez duelako ezker abertzaleko arlo politikoak hartu, baizik eta ETAk hartu duelako bere gain".
Politikarien solasaldia
Kataluniari buruzko erabakiarekin ETAk kanpainan esku-hartu nahi izan duela uste dute EAJ, EA eta EB-IUko ordezkariek
ETAren asteazkeneko iragarpena izan dute hizketarako gai nagusi Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. EAJko Markel Olanoren, EAko Josu Erkiagaren eta EB-IUko Mikel Aranaren iduriko, Katalunian su-etena aldarrikatuz Espainiako hauteskundeetarako kanpainan esku-hartzea izan da ETAren xede nagusia. Batasunako Pernando Barrenaren iritziz, ordea, erabaki horrek Euskal Herrian ere su-eten bat posible dela adierazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu