Igandeko erreferendumean nazioarteko bisitari gisa aritu ziren Udalbiltzako ehun hautetsi, AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteak gonbidatuta, eta balorazio prentsaurrekoa egin dute, gaur. Kataluniatik jasotako "lezio ederra" nabarmendu du Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspek. Bizitakoa "intentsitate handiko bi egun" izan direla nabarmendu du, eta herritarrak zoriondu ditu. "Estatu baten inposizio, indarkeria eta umiliazio saioaren aurrean, pertsonak ikusi ditugu, adore handiz. Herri antolatu bat ikusi dugu, aske bizitzeko ahaleginetan dabilen herri bat, armez ere geldiezina den herria".
Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak erabilitako indarkeria salatu du Udalbiltzak, eta babesa eskaini die igandean zauritutako guziei. Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du Intxauspek. "Ez da aldebikotasunerako aukerarik. Espainiak ez du parez pareko Katalunia onartzen. Ez Katalunia eta ez beste inor, noski. Espainiako marko politikoan, herri batek —izan Katalunia edo Euskal Herria— ezin dio galdetu bere buruari libre izan nahi ote duen ala ez. Ez zaio aitortzen etorkizuna erabakitzeko eskubiderik. Borraz eta tiroz debekatzeko saioa egiteraino".
Katalunian bizitakoaren ondoren, Udalbiltzak dei egin die Euskal Herriko ordezkari politikoei. "Udalbiltzak dei egin nahi die euskal gobernuetako kideei, goi agintariei, alderdietako buruzagiei, kolore guztietako herritarrei, eta, batez ere, zinegotziei eta alkateei, herri logikarekin lan egin dezatela herri antolatu eta bat lortzeko. Katalunian bezala, Euskal Herrian ere ezinezkoa ekinez egiteko".
"Boto bakoitzarekin, irribarre bat"
Intxausperekin batera Katalunian izan ziren hautetsietako bik hartu dute parte prentsaurrekoan, Amaia Almirallek eta Maite Iturbek. Hainbat taldetan banatu ziren, hainbat eremu geografikotan lan egin ahal izateko. "Boto bakoitzarekin irribarre bat" ikusi zutela azaldu du Almirallek. Horrez gain, lan egiteko erabateko erraztasuna izan zutela azaldu du, eta galdeketaren gardentasuna eta profesionaltasuna nabarmendu ditu, "egoerak bermatzen zuen heinean". Izan ere, une askotan presioa izan zuten, zenbaketa egiten ari ziren bitartean Polizia sartuko zen ala ez.
Girona inguruan izan ziren hainbat hautetsi gaua pasatzera geratu zirela adierazi du Iturrek, Poliziaren presentziaren eraginez han geratzea eskatu zietelako. Jendearen erantzuna nabarmendu du hautetsiak: "Guztiak batzen zituen boza eman nahiak".