Baigorriko eliza mukuru bete da gaur arratsaldean, Jean Haritxelar idazle, euskaltzale, politikari eta euskaltzainburu ohiaren aldeko hiletan. 16:00etan iritsi da haren hilotza elizara, eta alor ugaritako ordezkariek eman nahi izan diote azken agurra Haritxelarri.
Bertan izan dira politikagintzako ordezkari ugari, erakunde eta alderdi askotarikoak. Cristina Uriarte Kultura sailburua eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea joan dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa. Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta Ana de Castro Euskara zuzendariak osatu dute.
EAJren ordezkaritzan, Pilar Garcia de Salazar EBBko idazkaria, Manu Aierdi Napar Buru Batzarreko presidentea, Lorea Bilbao burukidea eta Txaro Goikolea Ipar Buru Batzarreko presidentea joan dira. EH Bilduren izenean, Laura Mintegi legebiltzarkidea; PSEko presidente Jesus Egiguren eta Donostiako zinegotzi Denis Itxaso ere bertan izan dira. PPren izenean, berriz, Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusia eta Laura Garrido legebiltzarkidea joan dira hiletara.
Kulturgintzatik, berriz, elizkizunean izan dira Anje Duhalde eta Niko Etxart kantariak eta Sebastian Lizaso bertsolaria, besteak beste.
Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak hartu du hitza: "Gure arteko, gure kide izan dugu Jean Haritschelhar. Haren jakituria eta gizatasuna ezagutzeko aukera gozatu dugu urte luzetan, une latz zein gozoagoetan. Esatera ere ausartuko nintzateke hala izan dela, ez bakarrik Euskaltzaindian, ezpada euskalgintzaren alorrean, trebe eta zoli bete baitzituen Jeanek bere zeregin anitzak". Mezu baikorra zabaldu nahi izan du Urrutiak: "Katea ez da eten. Ondorengoak etorriko dira haren lanari segida emateko. Horra gure itxaropena eta etorkizuna".
Ibilbide oparoa hamaika arlotan
Igande goizean hil zen Haritxelar, 90 urte zituela. Haritxelarrek hainbat alorretan egin zuen lan, baina euskararen aldeko jardunagatik izan zen ezagun. Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen, eta 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera hitzaldia; sorterrian, beraz. 1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte izan zen euskaltzainburu. Haren ordez, Andres Urrutia hautatu zuten euskaltzainburu. Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.
Okzitaniako Tolosako eta Sorbonako unibertsitateetan eta Saint Cloudeko irakasle eskolan goi mailako ikasketak egin zituen. Irakaslea izan zen 1952tik 1959ra Ageneko lizeoan. Bordeleko unibertsitatean gaztelania, euskara eta euskal literaturako irakasle izan zen, 1962tik 1986ra bete duen Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedrarekin. Letretan doktoretza lortu zuen 1969an, Sorbonako Unibertsitatean.
Halaber, Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen. Bertan, gainera, lau urtez izan zen irakasle. 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen. 2004an, berriz, Manuel Lekuona saria jaso zuen. Politikagintzan ere jardun zuen, 1971tik 1980ra bitartean Baigorriko auzapez izanda.