Nafarroako Gobernuak gobernu kontseiluan hartutako beste erabaki batzuen artean dago La Gaceta de los Negocios egunkaria eta Twitterreko bi kontu auzitara eramatea, Iturrama institutua eta Amaiur ikastola —biak publikoak— "etazaleak" direla argitaratzeagatik. Hezkuntza Departamentuaren eskariz eramango du gaia auzitara.
Baieztapen hori delitua izan daitekeen argitzeko joko du auzitara Uxue Barkosen gobernuak. Egunkariaz gain, bi Twitter kontu ikertzeko eskatu du: @CarlosJordn eta @nngg_navarra; bigarren hori, Nafarroako PPko gazte erakundearen kontu ofiziala.
Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, salaketaren berri eman zuenean, adierazi zuen egunkariak "irain larriak" egin zituela Iturrama institutuaren aurka.