Erredakzioa

Kazetaritza egiteko lekua

2013ko ekainaren 21ean lehenengo zenbakia argitaratu zenetik, anitz aldatu da BERRIA. Euskarriak, tresnak eta lan egiteko modua aldatu dira; ez, ordea, ofizioa bera. BERRIAren hasierako balioek badiraute.

BERRIAko langileak 2003ko ekainaren 20an lehen zenbakiaren azala prestatzen. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko uztailaren 28a
09:58
Entzun

2003ko ekainaren 21ean, BERRIAren lehenengo zenbakia argitaratu berritan, inork ez zuen pentsatuko mundua hainbertze aldatuko zenik hamasei urtean. Gizartea aldatu egin da, eta komunikabideak ere bai; orain dela hamasei urte komunikabideak kontsumitzeko zeuden moduek zerikusi txikia dute gaur egungoekin. Horrek ezinbertzean dakar egiteko moduak ere aldatzea. BERRIA, noski, horren testigu ere izan da, ofizioa berbera den arren lanerako moduak aldatu egin baitira.

Azken urteetan izandako aldaketei buruz galdetutakoan, erredakzioko tabako usaina eta kafe gelako edari makinan egoten ziren garagardoak gogoratu ditu bereziki Elene Barandiaran BERRIAko barne antolaketako buruak. Kafe makinaz eta garagardoaz harago, ordea, hitz bat nabarmendu du: patxada. Urteekin lan erritmoa aldatu egin dela dio: «Gaur egun, goizetik lan egiten ari den lantalde bat dago, eta goizetik notiziak lantzen ari dira. Patxada gutxiagorekin lan egiten dugu; erabaki askoz gehiago hartu behar dira, eta azkarrago». Prozesuak dibertsifikatu direla ere esan du, eta horrek lantalde espezifikoagoak sortzeko modua ekarri duela.

Interneten indartzearen ondorioz, lan erritmoa ere aldatu da, hein handi batean. Orain hamasei urte, papera zen euskarririk garrantzitsuena, eta, beraz, papera zen ardatz. Urteen poderioz, ordea, Interneteko edizioak indar handia hartu du, eta etorkizunean garrantzi handiagoa hartuko du. 2003tik du presentzia Interneten BERRIAk: sortu zenetik. 2009an iritsi zen Internet sailera Jon Ordoñez, eta, gaur egun, sail horren arduraduna da. Sailera iritsi zeneko garaiak gogoratu ditu: «Egunean hamar albiste inguru idazten genituen, irratia entzun, teletipoak begiratu... Leku fisiko berezi batean egoten ginen, eta erredakziotik modu independentean funtzionatzen genuen. Gaur egun, zerbait gertatzen denean, webgunean kontatzea da lehentasuna, sare sozialen bidez zabaltzea eta ondoren papererako idaztea». Denboraren poderioz, Interneteko edizioak «bazter batean» egoteari utzi dio, eta ardatz bihurtu da: «Gaur egun, webgunea erredakzioaren ardatz nagusietako bat da. Pixkanaka, are eta ardatz nagusiago bihurtuko da».

Interneteko presentzia indartzeak euskarri berriak agertzea ere ekarri du, eta horrek eragina izan du; ez soilik kazetarien lanean, baita euskara zuzentzaileen lanean ere. Hasieran, papereko bertsioa soilik igarotzen zen zuzentzaileen eskuetatik; egun, berriz, euskarri anitzetan argitaratzeko informazioa iristen zaie. Irene Arrarats euskara taldeko buruaren hitzetan, lana ugaritu die euskarri berriak agertu izanak:«Gero eta euskarri gehiago ditugu, eta horrek lan gehiago dakar: lehen, notizia bakoitzak bertsio bat zuen, paperean argitaratzen zena; orain, bertsio bat baino gehiago idazten dira webgunerako, beste bat papererako, txioak, Facebookeko testuak, bideoak... Euskarri guztietan gutxieneko kalitatea segurtatzea ez da batere erraza giza baliabideak lehengoak edo gutxiago badira».

BERRIAren lehen ediziotik 5.000. ediziora ezberdintasun nabarmenak daude, ez soilik edukian edota erabilitako euskaran: baita diseinuan ere. Teknologia asko aurreratu bada ere hasierako programa berak erabiliz lan egiten dutela nabarmendu du Maixa Olano BERRIAko diseinu arduradunak: «Programa berak dira. Egia da irudien lanketan orain etekin handiagoa ateratzen dugula». Hamasei urte hauetan, izan da, ordea, aldaketarik: «Kazetarien eta diseinatzaileen arteko harremana. Kazetaria gehiago inplikatzen da orain». Igandeko BERRIA jarri du adibidetzat Olanok: «Igandeko zenbakirako, kazetaria, editoreak eta diseinu taldeko kideak elkartzen gara astelehenetan, gaia bideratzeko eta elementuak pentsatzeko. Arreta berezia eskaintzen zaio, ez dadin izan astegunetan bezalakoa».

BERRIAren proiektua ez da beti berdin garatu. Krisialdia izan da tartean, adituek kazetaritzaren krisia esan izan dioten hori eta krisialdi globala, eta horrek zaildu egin du proiektuak garatu eta aitzinera eramatea. 2007. eta 2008. urteak gogoratu ditu Martxelo Otamendi zuzendariak: «Publizitatean jaitsiera nabarmena egon zen; gerria estutu, eta orri kopurua jaitsi genuen». Urte horiek ez ditu oroitzen «garai traumatiko» gisa, baina onartu du, hala ere, orri kopurua gutxitzeak «exijenteagoak» izatera behartu zituela zer argitaratu erabakitzeko orduan.

Krisi garaiaren erakusgarri, 2014an, erraterako, gehigarri batzuk egiteari utzi behar izan zion BERRIAk. Diseinu taldean, adibidez, «garbiketa» egiteko aprobetxatu zuten. Olanok dio gehigarriak kendu eta asteburuko orri bereziak astegunetan integratu zituztela. Ordoñezek ere 2014. urtea aipatu du, baina ez krisialdiaz mintzatzeko: sare sozialek eta, bereziki, Facebookek indar gehiago hartu zuten urte hartan BERRIAn. Dioenez, webguneko eskaintza indartzen hasi zen, eta «inflexio puntua» izan zen BERRIArentzat eta Internet lantzen zuen taldearentzat. Gaur egun, sare sozialetatik iristen dira bisita asko BERRIAren webgunera. Arraratsentzat, bestalde, mugarri bat izan da estilo liburua ordenagailuan kontsultatzeko moduan jartzea: «Horri esker, askoz errazagoa da zernahi duda argitzea, eta, gainera, etengabe berritzeko eta eguneratzeko bidea ematen du. Lehen, halako lanak zaharkituta gelditzen ziren urte batzuen buruan, eta orain ez».

Hutsunea betetzeko

Espainiako Auzitegi Nazionalak itxitako Euskaldunon Egunkaria-k utzitako kazeta gisa sortu zen BERRIA, 2013ko ekainaren 21ean. «BERRIA oso modu traumatikoan sortu zen, baina ilusio handiz ere bai, jende askoren sostenguari esker. Euskaraz kazetaritza ona egitea zuen helburu, eta hori ez da aldatu». Argi mintzo da Arrarats; BERRIAk, hamasei urte geroago ere, sortu zeneko helburu berak baititu oraindik. Bide beretik mintzo da Otamendi ere: «Irakurleak buruan, zintzo, merezi den moduko egunkaria egitea». Azken urteetan lanerako moduak, tresnak eta euskarriak aldatu direla uste du Otamendik, baina ez zaio iruditzen funtsa aldatu denik.

5.000 zenbakitan izugarri aldatu da BERRIA, eta, gaur egun, ezinezkoa da kazetaritza edota kazeta hau bera Internet gabe ulertzea. Etorkizuna digitalean ikusten du Ordoñezek, baina paperak garrantzia duela ere nabarmendu du. Etorkizunean, papera ahaztuko ez duen kazeta bat irudikatzen du; kazetaritza digitalerako bidea egiten ari dena. Izan ere, uste du papera «erreferentziala» dela oraindik, eta ezinbertzekotat jotzen du euskarazko egunkari bat kioskoan egotea. Arraratsek, berriz, izkin egin dio paperaren eta digitalaren arteko eztabaidari. Bertze ertz batzuk ikusten dizkio etorkizunari: «Kezkagarriak dira euskararen erabilera datuak eta joerak. Hori irauli ezean, beltza izango da euskal kazetaritzaren etorkizuna». Orain arte egindakoari aitorpena egin dio Otamendik: «Ibilbide oparoa egin dugu. Katalanak kenduta, ez dago beste hizkuntza gutxitu bat munduan gure eskaintza daukanik. Gu, gure txikian, bigarrenak gara munduan». Eskerrak eman dizkio lantaldeari: «Lantalde bikaina dago, erredakzioan eta kanpoan: informazioarekin konprometitutako profesionalak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.