Miren Garate. BERRIAko kazetaria

«Kazetaritza ez da bakarkako lan bat, taldekoa baizik»

ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
18 urterekin hasi zen Miren Garate (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985) BERRIA egunkarian praktiketan. Urruneko gaia zitzaion arren, Ekonomia Sailean egin ditu azken urteak. Eskertuta dago lankideei, eta krisi garaian beren testigantzak eman dituzten herritarrei. «Pozik eta harrituta» jaso du Rikardo Arregi saria. Kazetaritza ikasten hasteko asmoa dutenei aurrera egiteko aholkatu die.

Nola hartu duzu?

Harrituta baina ilusioz jaso dut saria. Beti dira pozgarriak halako aitorpenak, nahiz eta jaso dudanean zertxobait urduri egon naizen.

Epaimahaiak nabarmendu du krisiaren alde soziala eta ekonomikoa uztartzen jakin duzula. Hori izan da zure erreportajeak saritzeko arrazoietako bat.Zaila al da bi alde horiek uztartzea?

Egungo egoera ekonomikoa ez da erraza, eta krisi garaian eskertzekoa da jendeak bere bizipenak kontatu nahi izatea. Ez da xamurra, adibidez, lanik gabe geratu zarela edo hil amaierara iristeko zailtasunak dituzula kontatzea. Jendeak errealitate hori ezagutarazi nahi izatea eskertzekoa da.

Azkenaldian puri-purian egon arren, jende askori arrotzak egiten zaizkio ekonomia gaiak. Zaila al da gai horiei buruz idaztea?

Niretzat ere, hasieran, oso urruneko gaia zen, baina gero konturatzen zara egunerokoan eragin handia duela herritarrengan. Sailean denbora eraman ahala, gaiak menderatuz zoaz, pixkanaka.

Nola ikusten duzu hedabideetan gertatzen ari den krisia? Zer esango zenieke Kazetaritza ikasten hasiko direnei?

Kazetaritza eredua aldatu egin dela inork ez du zalantzan jartzen. Gaur egun askoz lotuagoa dago teknologia berriei eta sare sozialei. Kazetariok errealitate horretara ohitu behar dugu ezinbestean. Ikasten hasiko direnei, berriz, esango nieke aurrera egin dezatela. Izan ere, oso lanbide polita da kazetariarena. Errealitate asko ezagutzeko aukera eta modua ematen digu, eta hori oso aberasgarria da.

Urte hauetan lankide izan dituzunei eskaini diezu saria.

Bai, inongo dudarik gabe haientzat da saria. Esan dudan bezala, ekonomia oso urruneko gaia bat zen niretzat ekonomia, eta urte hauetan asko lagundu didate. Askok pentsa dezakete kazetaritza bakarkako lan bat dela. Baina ez da horrela. Taldeko lan bat da, eta nik beti eskertuko ditut azken urteetan lankideek eman dizkidaten aholku eta azalpenak. Asko lagundu didate. Horregatik eskaini diet saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.