Urtebete baino gehiago da Eusko Jaurlaritzak ez duela harremanik Etxerat-ekin, preso eta iheslarien senideen elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkinek BERRIAri baieztatu dionez. Iaz, lehen aldiz, lehendakari batek hartu zituen bilera batean —Iñigo Urkulluk—, baina okerrera egin du harremanak. Atzo, urtero bezala, sakabanaketari buruzko txosten bat eman behar zioten Etxerat-ekoek Urkullu lehendakariari, San Ignazio egunaren harira Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) egiten duten elizkizuna baino lehen. Hark, ordea, ez zien harrerarik egin nahi izan. Gutxienez azken hamar urteetan, lehen aldia da Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek uko egiten diotena Loiolako basilikako ekitaldietan txostena eskura hartzeari.
«Guretzat oso gogorra izan da». Urkulluren jarrerarekin «minduta» daudela adierazi du Errazkinek. Etxerat-eko bozeramaileak salatu du Jaurlaritzako lehendakariak «ezkutatu» egin nahi izan duela euskal presoen senide eta lagunen errealitatea.
Errazkinek azaldu duenez, urtero bezala, elkarretaratzerako baimena eskatzearekin batera jakinarazi zuten Urkulluri txostena emateko asmoa. Urtearen balantze bat jaso ohi dute dokumentu horretan; aurten, Dispertsioaren haurrak. Espetxe politikaren alderik ilunena txostena helarazi nahi zioten Urkulluri.
Urtero bezala, ekitaldia zaintzen ari ziren ertzainekin eta protokoloaren arduradunekin hitz egin zuten elkarretaratzea hasterako, eta ez zieten arazorik jarri. Errazkinek kontatu duenez, agintariak heltzeko minutu gutxi falta zirela, lehendakariaren idazkari bat hurbildu zitzaien txostenaren bila; hark esan zien Urkulluk ez zituela hartuko, eta berak helaraziko ziola txostena. Errazkin: «Nik esan diot baimena eskatua genuela, eta ez dugula inolako jakinarazpenik jaso. 'Neuk jakinarazten dizut orain', erantzun dit».
Iaz, otsailaren 25ean bildu ziren Etxerat-eko ordezkariak Iñigo Urkullurekin, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariarekin eta Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariarekin. «Gustura atera ginen, egia esan. Hitz politak izan ziren», azaldu du Errazkinek. Bilera egin zutenean, Etxerat-eko ordezkariek jakinarazi zuten sakabanaketa amaitzeko «agenda bat» zehazteko konpromisoa agertu zietela. Handik hilabete eskasera, ordea, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Jaiki Hadi elkarteko bi kide eta Etxerat-eko beste bi atxilotu zituen Guardia Zibilak —haietako bat, bileran egondakoa: Nagore Lopez de Luzuriaga—. Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen ez zetorrela bat «polizia operazioaren ereduarekin», eta salatu zuen Ertzaintzari ez ziotela eman atxiloketen berri.
«Senideen inguruko inolako babesik jaso ez genuenez, minduta azaldu ginen», ekarri du gogora Errazkinek. «Handik gutxira, hiru hilabetera-edo, beste bilera bat eskatu ziguten Jonan Fernandezek eta Monika Hernandok. Onartu genuen, baina esan genien guk babes bat eskatzen geniola Eusko Jaurlaritzari».
Horri eskaini zioten bileraren zati nagusia. «Senideen elkarte bat izanik, eta sakabanaketa pairatzen duen kolektibo bat izanik, oso argi daukagu gu ere biktima garela, eta babes bat behar dugula gure gobernuarengandik. Handik hona, ez dugu harremanik izan Eusko Jaurlaritzarekin. Ez da inolako bilerarik izan. Guretzat, gaur egun, oso larria da hori».
Gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuarekin Eusko Jaurlaritzarekin baino harreman gehiago dutela dio Errazkinek. «Istripu bat gertatu denean, esaterako, gurekin harremanetan jarri izan dira gobernu gisa, senideei berei ere deitu diete babesa adierazteko».
Adingabeei buruzko lana
Protesta amaieran, salaketa horixe egin zuen Rafa Diezen seme Naike Diezek ere, elkartearen izenean. «Senide eta lagunei zein Etxerat-ek giza eskubideen gainean egiten duen lanari bizkarra eman die Urkulluk». Diezek gogora ekarri zuen zenbait udaletan haurren egoeraren inguruko mozioak aurkeztu dituela Etxerat-ek, eta, Bizkaian, EAJk aurkako botoa eman duela. Otsailean, esaterako, Bilbon.
«Beste lurraldeetan egon dira mozioak sakabanaketaren aurka, eta aurrera atera dira, EAJren botoekin. Gasteizen, adibidez. Asko, gurea baino harago zihoazen. Bizkaian, berriz, baldintzak jartzen dizkigute», salatu du Errazkinek. «Galdetu nahi genion Urkulluri zein jarrera hartuko duen; Bizkaiko EAJrena, edo beste herrialdeetakoen EAJrena. Erantzuna ikusi dugu: hartu ere ez gaitu egin».
Irailerako egin nahi dute publiko Dispertsioaren haurrak txostena. Sakabanaketak adingabeengan duen eragina aztertu dute han; datu orokorrak bilduko dituzte, eta azterketa juridiko —legeak dioena, zein eskubide urratzen dizkieten adingabeei— eta psikologiko bana ere jasoko dute.
Iganderako, hainbat protesta antolatu ditu Etxerat-ek Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetan.