'Kelly auzia'

Kellyren aurkako konspiraziorik ez zela egon nabarmendu du Erresuma Batuko Atzerri ministroak epailearen aurrean

David Kelly zientzilari eta Tony Blairren Gobernuko aholkulari zenaren inguruko auzian ez zuela zerikusirik izan adierazi du gaur Geoff Hoon Erresuma Batuko Atzerri ministroak James Hutton epailearen aurrean. Kelly hil eta gero jakin zuela BBCko `satorra' hura zela esan du Hoonek, eta, beraz, ez berak, ez Gobernuak, ez zutela hura salatu. Ondorioz, Kellyren aurkako konspiraziorik egon zenik ukatu du.

2003ko abuztuaren 27a
16:57
Entzun
David Kellyren heriotza argitzeko ikerketa egiten ari da James Hutton epailea, eta Geoff Hoon Erresuma Batuko Atzerri ministroak deklaratu du gaur haren aurrean. Zientzilaria, suntsipen handiko armetan aditua, eta Tony Blairren Gobernuko aholkulari zen Kelly. Irakeko suntsipen handiko armei buruz Erresuma Batuak egin zuen txostenari buruzko informazioa BBCri ematea, eta Blairren taldeak inbasioa justifikatzeko agiri horiek puztu zituela esatea leporatzen zioten Kellyri. Funtsean, sator izatea.

Salaketa hori tarteko, presio handia izan zuen Kellyk, eta ezin jasanda-edo bere buruaz beste egin zuen. Kellyren heriotzari buruzkoak ikertzen ari da Hutton, besteak beste, hura `satorra' zela Blairren Gobernuak filtratu ote zuenetz.

Hoon Defentsa ministroak ukatu egin du hala izan zela; hau da, Kellyren aurkako konspiraziorik egon zenik. Epailearen aurrean deklaratu duentez, hil eta gero jakin zuen berak Kelly `satorra' zela, eta, beraz, ez zion inori halako informaziorik eman.

Dena den, kontrakoa adierazten duten hainbat zantzu daude. Hoonek ez ezik, Blair lehen ministroak berak `satorra' Kelly zela baieztatzen zuen informazioa zabaltzeko erabakian parte hartu zuela adierazten dute aztarna horiek. Bihar deklaratuko du Blairrek epailearen aurrean, eta Kellyren afera dela eta, bere agintealdiko krisirik handiena izaten ari da.

Bidenabar, Erresuma Batuko Gobernuak Irakeko gerra justifikatzeko suntsipen handiko armei buruzko txostena puztu ote zuenetz ikertzen ari da Hutton epailea. Auzi horren inguruan, Defentsako Inteligentzia Zerbitzuko bi kidek txostenari buruzko zalantzak agertu zituztea onaratu du Hoonek; zehazki, agirietan erabilitako "hizkuntzari" buruzkoak. Hain zuzen ere, inteligentzia zerbitzuko datuek Saddam Husseinen erregimenak suntsipen handiko armak zituela "erakusten, iradokitzen edo frogatzen" zuten, hitz horien erabilerari buruz zuten kezka zerbitzu sekretuetako bi kide horiek, Huttonen arabera. Nolanahi ere, "ezinegon" horren berri txostena plazaratu eta gero izan zuela nabarmendu du.

Era berean, Huttonek orain arteko ikerketen txostena interneten jarri du, helbide honetan .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.