Krisia Erresuma Batuan

Kellyren heriotzaren ikerketa "jendaurrekoa" izango dela agindu du kasuko epaileak

Brian Hutton epaile independenteak eramango du aurrera David Kelly Erresuma Batuko Gobernua agerian utzi duen 'satorraren' heriotzaren ikerketa. Prozesu gehientsuena "jendaurrekoa" izango dela agindu du Huttonek, hartara ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko.

2003ko uztailaren 21a
16:30
Entzun
Kellyren autopsiaren arabera, bere buruaz beste egin zuen. Hain zuzen ere, ikerketako iturrien arabera, zainak irekita zituen, eta gorpuaren ondoan aizto bat eta pilula analgesikoak aurkitu zituzten.

Hala ere, heriotzaren inguruko zehaztasun guztiak argituko dituztela agindu du Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairren gobernuak, besteak beste, iritzi publikoak hala behartuta. Hori dela eta, Brian Hutton epaile independentea izendatu dute ikerketa horren guztiaren arduradun.

Huttonek adierazi berri duenez, ikerketa prozesu gehientsuena jendaurrekoa izango da, hala ahalik garbiena izan dadin. Halaber, ikerketa nola bideratu etanoraino heldu berak erabakiko duela azpimarratu du: "Argi eta garbi utzi nahi dut nik erabakiko dudala zein izango den ikerketaren helburua eta noraino helduko den", esan du.

David Kellyren gorpua ostiralean aurkitu zuten, bere etxetik zortzi bat kilometrora dagoen baso batean. Bezperatik desagertutazegoen. Hain zuzen ere, Londresko Gobernuak Irakeko armei buruzko txostenak "handitu eta faltsutu" egin zituela plazaratu zuen BBCko kazetari batek Gobernuko iturriak aipatuz. David Kelly Blairren Gobernuko aholkularia zen arlo horretan eta armetan aditua. BBCri gezurrezko txostenei buruzko informazioa eman zion 'satorra' Kelly zela zabaldu zen, eta hilda agertu baino egun batzuk lehenago, galdeketa gogorra erantzun behar izan zuen Legebiltzarrekobatzordean.

Atzo, txostenei buruzko informazioa Kellyren bidez jaso zutela onartu zuen BBCk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.