Euskal presoak

Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko manifestazio jendetsua egin dute Galdakaon

Sortuk, Ernaik eta LABek deitu dute mobilizaziora. Presoa Badajozko epetxean (Espainia) hil zen astelehenean, bihotzekoak jota. Ezker abertzaleak Espainiako espetxe politikari egotzi dio heriotza. (Argazkia @ernaigazte)

Manifestazioaren deitzaileak, martxaren hasieran. @ERNAI
Berria
2017ko abuztuaren 5a
23:13
Entzun

Astelehenean Badajozko espetxean (Espainia) hil zen Kepa del Hoyo presoaren kasua salatu dute Galdakaoko kaleetan, Sortuk, Ernaik eta LABek deitutako manifestazio "nazionalean". Galdakaoko udal plazatik abiatu da martxa, 18:00etan.

Manifestazioaren ondoren, ekitaldi politikoa egin dute Iturrondo plazan. Oholtzara igo dira Del Hoyoren bikotekidea eta semea eta Galdakaoko presoen senideak. Esker hitzak izan dituzte hara joandakoentzat, eta Badajozeko espetxetik Mikel Orbegozo presoak grabatutako hitzak entzun dira bozgorailuetatik.

Manifestazioa hasi aurretik mintzatu dira deitzaileak. Haien arabera, Del Hoyoren heriotzaren oinarrian Espainiako espetxe politika dago. Hori amaitzeko, Euskal Herriko eragileen artean adosturiko bide orri baten beharra azpimarratu dute. “Bide orri bat adostuko bagenu [Espainiako eta Frantziako] estatuak ez lirateke gai izango espetxe politikari eusteko”, adierazi du Sortuko Arkaitz Rodriguezek, komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan. Amaierako ekitaldian ere mintzatu da Sortuko buruzagia. Espetxean edo herbestean daudenei helarazi die mezua: "Ez zaituztegu bakarrik utziko"

LABeko Igor Arroyok ere egin ditu adierazpenak, martxa abiatu aurretik: azpimarratu du presoen auzia dela euskal gizarteak duen “arazo larrienetako bat”. Ernaiko Lur Albizuk, berriz, gazteei dei egin die “borroka” horretan engaiatzera. “Gazteok borrokaren lekukoa hartuko dugu preso eta errefuxiatuak ekartzeko”, esan du.

Kataluniako CUP alderdiko Anna Gabriel ere egon da Galdakaon, euskal presoei elkartasuna adierazteko: "[Espetxe] Politika honek, askatasunak ekarri beharrean, hildako gehiago dakartza", salatu du.

Herritar Batasunak ere elkarretaratzea egin du Galdakaon, "lelo eta pankarta propioekin". Ezker abertzalearen ildo ofizialarekin kritiko diren hainbat talde biltzen ditu Herritar Batasunak.

Atzo arratsaldean, giza katea egin zuten Galdakaon, Del Hoyo presoaren herrian. Herritar ugari agertu ziren, herenegun hainbat galdakoztarrek mobilizatzera dei egin ondoren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.