Duela bi urte salatu zuten Leioako Gaztelueta eskolako (Bizkaia) irakasle bat ikasle ohi baten gurasoek, sexu abusuak egitea leporatuta. 2008-09ko eta 2009-10eko ikasturteetan gertatu ziren ustezko erasoak, mutilak 12 eta 13 urte zituenean.
Epaitegietan ez zuten salaketarik jarri, artean mutila adingabea zelako eta auzibideek haren egoera psikologikoari kalte egin ziezaioketelako. Orain, jada adinez nagusi delarik, Getxoko epaitegi batean kereila bat aurkeztu dute mutilaren senitartekoek Gazteluetako irakaslearen kontra.
Salaketarekin batera, Frantzisko I.a aita santuak senitartekoari bidalitako gutuna aurkeztu dute epaitegietan. Bertan azaltzen du irakaslearen kontrako epaiketa kanonikoa irekitzea eskatu duela.
Auzia publiko egin zenean fiskalak zabaldu zituen ekinbideak, baina ikerketan aurrera ezin zuela egin-eta, artxibatu egin zituen.
Opus Deiren ikastetxea
Duela bi urte gurasoei igorritako gutunean Gazteluetako zuzendaritzak adierazi zuen auzia ikertu zuela baina ez zuela "jokabide arrarorik" atzeman. Opus Deiren ikastetxe zaharrenetakoa da Gaztelueta, eta izen ona gordetzearren "gezurretan aritzea" egotzi zioten biktimaren gurasoek: "Mantu eta gurutze baten atzean egia ezkutatzen ahalegindu dira".