Kexu da AVT, Eusko Legebiltzarrak absoluzioa eskatu duelako

"Adierazpena atzerapausoa da ETAren aurkako borrokan", dio Terrorismoaren Biktimen Elkarteak.

2010eko otsailaren 26a
09:17
Entzun
AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea kexu agertu da, Eusko Legebiltzarrak absoluzioa eskatu duelako Egunkaria auziko auzipetuentzat. Elkartearen arabera, "epaileen lana baldintzatzea" da adierazpenearen helburua. "Eskandalagarria da Eusko Legebiltzarraren gisako erakundeek adierazpenak egitea prozesu judizial bati buruz, eta saiatzea epailearen erabakia baldintzatzen. Areago terrorismoaren aurkakoa bezalako gai kontuzko batean".

Eusko Legebiltzarrak absoluzioa eskatu zuen atzo Egunkaria-ko bost auzipetuentzat, eta kezka agertu zuen haien egoeraz. EAJk, PSE-EEk, Aralarrek eta EBk babestu zuten ekimena, PPk eta UPDk aurka bozkatu zuten, eta EAk ez zuen parte hartu. Jesus Mari Larrazabalek (EA) adierazi zuen ez zuela parte hartuko, auzipetuek ustez jasandako torturei buruz ez duelako ezer esaten adierazpenak. AVTk EAren aurka jo du. Haren arabera, "onartezina" da Espainiako segurtasun indarrei torturak leporatzea.

"Adierazpena atzerapausoa da ETAren aurkako borrokan", dio AVTk. "Guztia da terrorismoa: pistolaren katua sakatzen duena eta beste alor batzuetatik laguntzen duena".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.