Atzo, udaleko oposizioko alderdiek harriduraz hartu zuten hondakin planta horren inguruko informazioa, ez baitzuten horren berririk. PSE-EE bera ere, nahiz eta EAJrekin batera udal gobernuan egon, harrituta agertu zen «balioztatze planta» horren inguruko informaziorik orain arte jaso ez izanaz.
Martxoaren 11ko data du Eusko Jaurlaritzak astelehenean EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ingurumen baimenak. Horren arabera, Larke 360k 200.000 tona hondakin inguru jaso ahal izango ditu urtero Azkoitiko instalazio horretan. Iaz aurkeztu zuen enpresak egitasmo horretarako baimen eskaera —ingurumen azterketaren laburpen bat barne—, eta berriki onetsi du Jaurlaritzak.
Hain zuzen, Jaurlaritzak argitaratutako agiri horren arabera, planta ezarriko den eremuak 36.898 metro koadroko hedadura izango du, eta bi fasetan eraikiko dute. Lehen fasean, mendebaldeko zatian arituko dira (11.696 metro koadrotan), eta, harekin batera, hara sartzeko errepidea, baskula eta bainuontzi kimikoa (3.685 metro koadro). Horrez gain, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gunea ere aipatzen du fase horren barruan Eusko Jaurlaritzak emandako agiriak, «etxola prefabrikatu bat» dela zehaztuz. Eraikuntzaren bigarren fasean arituko dira ekialdean (21.517 metro koadro). Bigarren fase horri buruzko informaziorik oraindik ez dute eman. Halaber, ez dute zehaztu noiz hasiko den obra eta ezta ere noiz jarriko duten martxan instalazioa.
Kezka oposizioan
Atzo, albistearen berri izan bezain pronto, oposizioko taldeek (Azkoitia Bai eta EH Bildu) xehetasunak eskatu zizkioten udal gobernuari, eta hark bozeramaileen batzorderako deia egin zuen. Horren ostean, gobernuko alderdiek argitu zuten «hondakin ez-arriskutsuak» kudeatzeko baimena bakarrik daukala enpresak, eta udal gobernuak beste edozein jarduera ekonomikotarako bezala tramitatuko duela proiektu hau ere. Ildo horretan, lasai egoteko deia egin zien herritarrei: «Garbigune handi bat bezalako zerbait izango da. Bertan materiala bereiziko da, berrerabiltzeko, ahal den neurrian». Besteak beste, obretako hondakinak, industria hondakinak, nekazaritzakoak, hondakin nahasiak, plastikoak, biodegradagarriak, metalak eta bestelakoak jasotzeko baimena izango du enpresak. Bereizteko prozeduraz gain, bertan biltzeko aukera ere izango du. Hau da, zabortegi bat ere izango da.
EH Bilduk adierazi du gaia aztertzen ari dela adituekin, eta «datozen egunetan» egingo duela balorazio osatuago bat. «Ingurumenaz eta jendearen osasunaz hizketan ari gara», eta sakon aztertu beharreko gai bat dela uste dugu. «Kezkatuta» daudela gaineratu dute. Horregatik ez dute bat egin udaleko beste hiru taldeek adostutako bederatzi puntuko agiri batekin.
Azkoitia Bai taldeak bat egin zuen EAJrekin eta PSE-EErekin agiri hori sinatzerakoan. Alabaina, onurak izan ditzakeela aitortzeaz gain, eragin litzakeen kalteen beldur ere azaldu da: «Zaldibarko zabortegiak ere, hasiera batean eta proiektu bat zenean soilik, dena onurak izango zituen —argitu behar Azkaratekoa ez dela ohiko zabortegia izango, nahiz eta zaborra sortuko duen—, baina azkenean kalte handiak eragin ditu». Horregatik, besteak beste, gaia herriarekin lantzearen alde azaldu da.
Azkoitian zabaldu den kezkaren lekuko izan zen atzo bertan, iluntzean, herritarrek leihoetatik egin zuten lapiko jotzea. Horrekin «proiektuaren gaineko haserrea eta desadostasuna» agertu zuten azkoitiarrek, eta aurrerantzean egunero ekinaldi horrekin jarraitzeko asmoa ere azaldu dute.