III. SOZIOLINGUISTIKA INKESTA

Kezka eta lanerako deia dira nagusi euskalgintzan

Joan den hilaren amaieran aurkeztu zen soziolinguistika inkestaren lehen balorazioa egin dute hainbat eragilek

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
DONOSTIA
2003ko urriaren 15a
00:00
Entzun
2001eko datuak biltzen dituen Soziolinguistikako Inkesta aurkeztu berriak ez du uzten lasaitasunerako beta askorik. Euskalgintzako eragile guztiek, bederen, aurrera begira egin beharreko lanak nabarmendu dizkigute batez ere. Inkesta horren emaitzek diote euskaldunak gero eta gehiago garela, baina euskara dakitenek gutxiago egiten dutela ere agertzen da. Zeresanik ez hainbat eskualdetan euskarak agertzen duen kinka larriari buruz. Herritarren euskalduntzeak erronka asko ditu.

xabier kintana (Euskaltzaindia)

«Boluntarismo eta hizkuntz militantzia beharrezkoak ditugu gaur egun ere»



Eusko Jaurlaritzak Euskal Herrian egindako sozolinguistika-azterketaren azken emaitzak ikusita, halako zapore gozo-mingotsa gelditu zait. Alde batetik, egia da, Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzari esker, azken belaunaldietan izandako gorakadak eta euskaldun berrien igoerak poza ematen duela, baina Nafarroan eta Iparraldean gauzak nola doazen ikusi eta bertako agintariek gure hizkuntzarekiko agertzen duten axolagabekeriak, gutxiespenak edota gorroto ezkutaezinak tristura sortzen digute. Benetako erabileraren eta transmisioaren arazoa ere hor dago, eta horrek, gure jaiotze-tasa gero eta txikiago eta azken orduko etorkin ugarien uholdearekin batera lotura afektiborik ezaz, berez bertoko hizkuntza ikasteko arrazoi handirik ez daukate eta gure etorkizuna oraindik ez dagoela inola ere segur pentsarazten digu. Ondorioa garbia da: nork bere erantzukizuna laga eginik, ezin dezakegu geure hizkuntzaren transmisioa eta etorkizuna administrazioaren esku hutsetan utz, gu lo gozotan gelditurik. Hizkuntza jakitea ez da aski, dakienak gero erabili nahi ez badu. Ikasi nahia eta erabilera bultzatzeko, motibazioa ere landu beharra daukagu, eta zenbait gauza legez arautu ere bai. Bestalde, behialako boluntarismo eta hizkuntz militantzia haiek behar-beharrezkoak ditugu gaur egun ere. Alde horretatik, alderdi politikoek beren kideei botoarekin batera, omen daukaten ideologiaren araberako portaera linguistikoa ere eskatu beharko liekete beren eguneroko bizitzan.

filgi claverie (Seaska)

«Denen laguntza behar dugu, eta ez bakarrik gizartearena»

Kezkatuak gara, zinez, Iparraldeari buruz ezagutu ditugun lehen emaitzekin argi baitago kinka txarrean dela euskara. Geroari buruz, bereziki, gazteen artean euskarak duen egoerak kezkatzen gaitu, guretzako biziki oinarri inportantea baita etorkizunerako. Gazteen artean, ezagutzen ditugun datuen arabera, ikaragarriko beherakada izan da azken urteotan. Harrigarria ez zaigu egin, horrela zela sentitzen baikenuen Seaskan eta Iparraldeko euskalgintzan. Erraten genuen, gainera. Baina botere publikoek ez zuten onartzen eta entzuten erraten genuena. Kezkatuak gaude eta behar-beharrezkoa da ikastolen garatzea, ahal bezain indartsu eta fite. Horretarako, denen laguntza behar dugu. Ez bakarrik gizartearena. Baita botere publikoena ere. Larrialdi plangintza bat erabaki behar da, eta indartsu.

Mertxe mujika (AEK)

«EAEn transmisioa benetan bermatu behar da»

Beti bezala, botila nola ikusten duzun da, erdi beteta edo erdi hutsa. Egia da Iparraldean datuak benetan direla kezkagarriak eta Nafarroan geldialdi batean egon daitekeela, baina egia da EAEn badaudela datu positibo batzuk. Baina horrek ez du inondik inora esan nahi euskararen egoera oso ona denik. Nagoen lekutik ikusita, inkestak euskaldun berrien fenomeno azpimarragarria aipatzen du. Beraz, helduen euskalduntze-alfabetatzean azken urteetan egindako lanak isla bat dauka inkesta honetan. Eta eskolak, D ereduak izugarrizko ekarpena egin du euskararen ezagutzan. Baina erronka handia dago hemen erabileran. Hemendik hamar urtera ikerketa apur bat positiboa egin nahi badugu, orain egiten ari garen bezala, erronka horietan indar egin behar da. Euskaldun berriek zer nolako joera edo bidea hartuko duten, hori da kontua. Iparraldean eta Nafarroan argi dago euskararen transmisioan, sentsibilizazioan eta eskolan behar-beharrezkoa dela indarrak jartzea. Eta EAEn, berriz, transmisioa benetan bermatu behar da. Beraz, helduen euskalduntze alfabetatzea behar-beharrezkoa da, eta hortik euskaltegion rol garrantzitsua.

helios del santo (Oinarriak)

«Nafarroan daukagun arazo nagusia Gobernuak duen jarrera da»

Inkestaren emaitzak ikusita, Nafarroan oso pixkanaka-pixkanaka ari da jendea euskalduntzen. Euskaldun berri gehiago daudela egia da, baina oso pixkanaka. Erabilera, berriz, oso eskasa da hemen. Nafarroako iparraldean eremu euskaldunak badaude, baina hemen daukagun arazo nagusia Nafarroako Gobernuak duen politika da. Dena hankaz gora jarri du, gorrotoaren kultura du oinarri, eta inkestan horren isla ikusten da. Nafarroako Gobernuak ez du ezer egiten euskara sustatzeko, ez du erabilera inon bermatzen, eta hori da larriena. Kontrako jarrera dauka. Bestalde, ikastolek, euskaltegiek, euskalgintza osoak erabileran jauzi handia eman behar du, erabileran eta kultur- gintzan. Euskara bizitzeko hizkuntza bat dela barneratzeko urrats gehiago egin daitezke.

iñaki lasa (Kontseilua)

«Goazen bidetik ez dugu lortuko hizkuntz normalizazioa»

Kontseiluak, oraindik ere, datuak sakon aztertu behar ditu. Hala ere, gainetiko begirada egin ondoren, esan daiteke une honetan goazen bidetik ez dugula lortuko hizkuntz normalizazioa. Kontseiluaren ustez, administrazioek beren hizkuntz politika aldatu behar dute, eta politika eraginkorragoak eta ausartagoak egin behar dituzte lurralde guztietan. Euskarak behar den estatus juridikoa ofizialtasuna da, zalantzarik gabe, baina ofiziala den lurraldeetan ere aurrerapausoak eman ahal izateko, hizkuntz politika aldatu beharra dago. Gizarte eragileok eta norbanakook ere ezin gara geldi egon horrelako egoeraren aurrean eta, ildo honetan, euskararekiko konpromisoak nabarmen areagotu egin behar dira.

Erramun Osa ( Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa)

«Kezka agertzeko ez ezik ekintzarako garaia da»

Lurraldez lurralde joera oso desberdinak antzematen diren arren, euskal lurralde batzuetan (Nafarroan eta Iparraldean, esate baterako) gertatzen ari den euskararen gainbeheraren edo aurrera ez egitearen atzean, besteak beste, euskarak, lurralde osoan, onarpenik ez izatea (ofizialkidetasunik ez izatea) edota euskara berreskuratzeko hizkuntz politika sendo eta egokirik ez izatea daudela iruditzen zaigu. Halaber, ahalik hiztun gehien irabazteko ahaleginak indarberritu behar direla azpimarratu nahi dugu ikastolok. EAEri dagokionez, 1982ko azaroaren 24an, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen arabera (10/1982), derrigorrezko irakaskuntza amaitzen denean, ikasle guzti-guztiek, jatorriz euskaldun zein erdaldun, elebidun orekatuak izan behar dutela gogora ekarri eta egungo errealitatea legeak jasotzen duenera ez dela iristen azpimarratu nahi dugu. Hartara, ereduen baitako politikak gaindituz, euskara ardatz duen eleaniztasun proposamenetara hurreratzeko gonbita egin nahi diegu hezkuntza eragileei oro har, administrazioei bereziki. Lurralde batzuetan euskarak geroz eta hiztun gehiago ditu, baina, hiztun berrien hizkuntza-gaitasuna sendotzea gura badugu, eremu pribatuan zein publikoan euskarari leku gehiago egitea ezinbestekoa da. Denok daukagu zer eginik edota zer hobetzerik. Bada, kezka agertzeko ez ezik, ekintzarako garaia ere bada oraingoa, beraz, neurriak hartzeko eskaria egin nahi diegu eragile guztiei. Lankidetza giroa ezinbestekoa da euskara indarberritzeko, askotariko eragileen arteko lankidetza esparrua eraiki beharra dagoela nabarmendu eta norabide horretan urrats sendoak egiteko prestutasuna dugula agertu nahi dugu ikastolok.

naroa gorostiaga(Euskal Irratiak)

«Joera aldatzen ez bada, hemendik 10 urtera euskara hila da Iparraldean»

Inkestaren emaitzak ez dira sorpresa bat. Euskararen munduan lanean ari garenok ikusten dugu zer gertatzen den. Alde batetik, gazteek ez dute euskarazko irakaskuntzarik jaso orain artean. Beste alde batetik, helduak edo adineko jendeak, garai batean beharbada euskaldunak zirenak, euskara hori galtzen ari dira. Guk beti esan izan dugu, eta orain are gehiago, euskarak tresnak behar dituela: ofizialtasuna dela, lege bat dela, babesa dela. Baina, horretaz aparte, euskarari bere inportantzia eman behar zaio. Duela 10 urte euskara gaizki zen, baina oraindik aukera bazen joerak aldatzeko. 10 urte berantago, oraindik okerrago dago. Eta argi dago orain joera aldatzen ez bada, hemendik 10 urtera berantegi izango dela. Orain indarrak masiboki ematen ez bazaizkio euskarari, ez dugu itxarongo hurrengo inkesta arte, badakigulako hila egongo dela.

marije fullaondo(Sortzen Ikasbatuaz)

«Benetan kezkagarria da lehen inpresioa»

Benetan kezkagarria iruditu zaigu inkestatik ateratako lehen inpresioa. Inkestak hizkuntz gaitasunez hitz egiten duenean, euskaraz nolabait moldatzeko gai diren pertsonen kopuruez ari da; inolaz ere ez bizitzaren esparru guztietan euskaraz normaltasunez aritzeko hizkuntz gaitasuna duten pertsonez. Datuetan pixka bat sakonduz, zera ondoriozta daiteke: biztanleriaren %15 inguru baino ez dela elebidun funtzionala. Hala ere, hiztunen kopuru urria ez da arazo bakarra. Zer nolako aukera errealak ditugu elebidunok euskararen erabilera, transmisioa eta sustapena gauzatu eta bultzatzeko? Bestalde, euskarak lege babesik ez duten eremuen artean, Iparraldeko datuak azpimarratu nahi ditugu. Euskal hiztunen kopuruak, euskararen erabilerak eta familia bidezko transmisioak beldurtzeko moduko beherakada egin du azken 10 urteotan. Euskara etengabe ari da galtzen.

Euskarak lege babesa duen eremuetan, itxura batean datuak onak dira; baina itxura batean baino ez. Erabilerak eta familia bidezko transmisioak behera egin dute, edo, kasurik onenetan, mantendu. Orokorrean kopuruetan gorakada izan duten kolektiboen adinari erreparatuta, bistan dago eskolaren bidezko transmisioaren faktoreak izan duela eragin handiena. Badirudi eskolaren gain utzi dela euskalduntzearen erantzukizunik handiena. Baina eskolak, berak bakarrik, sekula ez du herria euskaldunduko.

mikel irastorza (EHE)

«Behar ditugun tresna guztiak eraikitzea ezinbestekoa da»

Inkestaren emaitzek ondorio argiak utzi dizkigute. Batetik, euskara legez zatitua dago, gure herria bezalaxe. Zatiketa horrek eta lurralde osoan ofizialtasuna ez izateak eragin zuzena du euskararen garapenean eta, beraz, ezagutzan eta baita erabileran ere. Euskal Herri osoan eragingo duen hizkuntz politikarik ere ez dugu. Ondorioz, zatiketa juridikoa gainditu eta euskararentzat lege bat eskuratzea erronka saihestezina da. Ofizialtasuna Euskal Herri osoan behar dugu. Bestalde, ezagutzan jauzi handia emateko, eskoletan haur guztiek euskara ezagutzea bermatu behar da, eta egun arduragabekeria itzela dago gai honetan. Espainola eta frantsesa derrigor eta euskara aukera (hala denean, betiere) diren bitartean, erdaldunen poltsa gizentzen ari gara. Hortaz, gaurdanik Euskal Herria euskalduntzeko behar ditugun tresna guztiak eraikitzea ezinbestekoa da.

joxemari muxika (Topagunea)

«Erabilera eskasia gainditzeko bitartekoak antolatzea beharrezkoa da»

Eusko Jaurlaritzaren azterketak erakusten dituen emaitzetatik, euskararen erabilerari dagozkionak azpimarragarriak direla deritzogu. Ezagutzak goraka egiten duela ikusten den arren,erabilerak, proportzioan, behera egiten duela erakusten dute datuek. Hau, hizkuntza ezagutu arren, mintzatzeko gai izanik ere, euskal hiztunek hitz egiteko aukerarik ez dutelako gertatzen da. Euskaraz hitz egiteko ez dago aukera berdintasunik, gehiegitan dago aukeratzeko askatasuna galarazten duen norbait. Erabilera eskasia gainditzeko bitartekoak antolatzea beharrezkoa da.

erramun baxok (EKE)

«Segur gara datorren inkestan emaitzak hobeak izanen direla»

Inkesta soziolinguistikoan azpimarratzen da 10 urtez Iparraldean 14.000 elebidun galdu direla. Duela 10 urte heren bat ginen euskaldun, eta orain laurden bat bakarrik. Hara, ikusmolde dinamikoago batean, nik erran nezake denbora berean 11.000 elebidun hartzaile erdi euskaldun irabazi ditugula, eta badakigu horietarik gehiengoa euskalduntzen ari diren erdaldunak direla. Hemendik goiti urrats berria izanen da onarpen ofiziala. Segur gara datorren inkestan emaitzak hobeak izanen direla, eta euskararen berreskurapen bat hobeki agertuko dela. Hiru soziolinguistika inkestetan hurbiletik parte hartu dut eta, sobera optimista izan gabe, itxaropena atxiki nahi dut.

andoni ozerinjauregi (EHIGE)

«Haur eta gazteen euskararen erabileraoso eskasa da»

Iparraldean hezkuntzaren deszentralizazioa eta hizkuntz politika erabat alda dizatela eskatzen dugu, eskola eta astialdia lotzea haurren komunikazio-hizkuntza euskara izateko. Nafarroan UPNren gobernuak daraman politika ezkorra salatuz argi utzi nahi dugu jartzen dizkiguten mugak gaindituz bide berriak irekitzen jarraituko dugula. Orokorrean, haur eta gazteek oso euskara gutxi erabiltzen dute kalean eta lagunekin. Gizarteak baliabideak jarri behar ditu euskaraz bizi ahal izateko. Guraso bezala familiek jokatzen duen paperari garrantzi handia ematen diogu, eta euskara ez ezik euskal kultura, izaera, nortasun propioa eta abar sustatzeko proiektuak aurrera eramaten ari gara. Laguntza gehiago behar da lan hauek guztiek fruituak eman ditzaten.

fito kerexazu (IKA Gasteiz)

«Administrazioak beharrezko diren tresnak hartu beharko ditu»

Batean kale, bestean bale. Halaxe laburbildu genitzake datuok. Poza, lurralde batzuetan euskararen erabilerak aurrera egin duelako; kezka, beste lurralde batzuetan bere horretan jarraitu edo behera egin duelako. Garbi dago, ordea, honetan guztian administrazioak erantzukizun handia deula eta izango duela. Izan ere, laugarren inkesta soziolinguistikoak eman beharko lituzkeen datuak hirugarren honek eman dituenak baino hobeak izatea nahi bada, administrazioak beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditu. Baina, zoritxarrez, bide okerretik ari da Miren Azkaratek zuzentzen duen Kultura Saila, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzean bederen, oztopoak besterik ez baita jartzen ari, oinarri sendoak jartzen ahalegindu beharrean. Eta euskararen erabilerak aurrera egin dezan lagundu duen sektore bat bakarra ez dela jakinda aintzat hartzen eta laguntzen saiatu beharko lukeela pentsatzea ez da horren gauza ulergaitza, ezta?

pablo suberbiola (SEI elkartea)

«Euskaraz hitz egiteko ez dago aukera berdintasunik»

Ezer baino lehen «datuak edukitzea» bera baloratu behar dugu. 2001eko Kale Erabileraz arduratu izanak ondo erakutsi digu SEIkooi zein zaila den Euskal Herriko datu fidagarriak eskuratu eta alderatu ahal izatea. Aurreko inkestan baino datu gutxiago eman dute oraingoan. Ideia orokorra nahi duenarentzat, dena den, jaso dugu: «Euskara nabarmen egiten ari da gora EAEn, behera Ipar Euskal Herrian; eta ez gora ez behera Nafarroan». Joera nagusi hauek bat datoz 2001eko Kale Erabileraren neurketaren emaitzek adierazitakoarekin. EAEn «nabarmen gora» egite hori, dena den, ez da hain sinplea. EAEko gorakada ezagutza mailakoa izan da batik bat. Eskola bidez (soilik) euskaldundutako biztanleen gorakada oso handia izan da, baina «euskaldun» tipologia berri bat sortzen ari zaigu hortik, euskara erraztasun gutxirekin eta erabiltzeko aukera oso mugatuekin jasotzen duena. Eskutan ditugu 2001eko Erroldako datuak, Inkesta Soziolinguistikokoak eta lehendik genituen Kale Erabileraren neurketakoak. Jar ditzagun denak mahai berean eta azter ditzagun xehetasunak, uler ditzagun joerak, jakiteko soziolinguistika aldetik zein errealitate berri datozkigun eta zein aldaketa eskatzen duen «euskararen jarraipenak» hizkuntza politiketan eta sustapen lanetan.

andoni lizeaga (Sarean)

«Ikastetxea ez da gai berak bakarrik transmisioaren erronkari erantzuteko»

Ikastetxeetan lanean jarduten dugunez, transmisioan ageri diren arazoak azpimarratu nahi genituzke. Ikastetxeetan ditugun baliabideak erabiltzen ari gara, baina kosta egiten zaigu guri ere, eta ikastetxea ez da gai berak bakarrik horrelako erronka bati aurre egiteko. Euskaraz hitz egiten ez den familietan ere euskararen erabilpena positiboki balora daiteke. Etxetik balorazio on hori bultzatu behar da, nik uste. Horrelako behar bat sortzen denean, ikastetxeetatik zer egin galdetzen da askotan, baina ikastetxeen ahalmena oso mugatua da. Beste aldea ere sustatu behar dugu, etxean jasotako jarrera. Errezeloa dugu umeak eskolara bidali eta euskararen transmisioa salbu dela uste duela zenbaitek. Etxekoak ez lasaitzeko deia egin nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.