Azken uholdeek ekarritako arazoak eta aurre begirako proposamenak mahai gaineratu zituzten atzoko batzarrean. Askotariko iritziak adierazi zituzten herritarrek udaleko ordezkarien aurrean —Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta zenbait udal tekniko izan ziren—. Kezketariko asko, obraren epeei lotutakoak izan ziren. Apirilean dira hastekoak obrak Urumea ibaian. “Ez dugu kalte-ordainik nahi, obretarako epeak murriztea baizik. Lanak 18 hilabetetan egin ahal badira, ez daitekezela 30 izan”, zioen herritar batek.
Añarbeko urtegiaren funtzionamenduari buruz ere galdetu zioten Izagirreri. Herritar batek baino gehiagok aipatu zuen azken uholdeetan izandako arazoa. “Euri gutxiago eginda, ur gehiago izan genuen ostegunean asteazkenean baino. Añarbe husteak kalte egiten digu”. Izagirrek azaldu zienez, prebisio meteorologikoak ikusi eta teknikariek kalkuloak egiten dituzte; haiek dira urtegia nola kudeatu erabakitzen dutenak. Azalpen gehiago eman zizkien Nora Galparsoro Hiri azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotziak: “Ura maila jakin batera iristean, behartuta gaude uhateak irekitzera. Bestela, uholdea beharrean, tsunamia izan liteke”.
Azken uholdeetan izandako hainbat arazo ere aipatu zituzten —errepideari lehentasuna emateak hainbat gunetan eragindako atzerapena, elektrizitate falta...—. Arazoak arazo, udalak egindako ahalegina ere aitortu zuen zenbaitek. “Behingoz Donostiako Udalak aurpegiz begiratu dio ibaiari, eta ez ipurdiz. Gauza gehiago egin daitezke, noski”.