Kidetza Euskadiko Guraso Bananduen federazioak 50.140 sinadura jaso ditu, zaintza partekatuaren inguruko lege proposamen baten alde. Haurren zaintza partekatua arautzea da Kidetzak lege proposamenarekin lortu nahi duena.
30.000 sinadura behar zituen proposamena Eusko Legebiltzarrera eramateko. Justo Saenz Kidetzako presidenteak eta Arantza Bergara familia bitartekariak gaur egin dute azaroan abiatu zuten kanpainaren inguruko balantzea. Jasotako sinaduretatik 32.000 inguru azken hilabete eta erdian jaso dituztela azaldu dute, denbora tarte horretan Kidetza "kalera irten" baita.
Kanpaina horren bitartez Kidetzak ondorioztatu du euskal herritarren %90ak zaintza partekatuaren inguruko legea babesten duela, "bereziki emakumezkoen eta 40 urtez azpiko herritarren artean". Adinduak "geroz eta gehiago" agertzen dira lege horren alde, Kidetzaren arabera.