Tolosako Laskorain ikastolak eta haren laguntzaileek prest dute Kilometroak jaia ospatzeko egitarau guztia. Zazpi kilometroko ibilbide "dinamiko eta bizian" ibiliko dira heldu den urriaren 6an. Euskara ahoan hartuta, Ahora! baitu aurtengo leloa jaiak.
Laskorain ikastolak egoitza berri bat eraikitzeko erabiliko dute jasotako dirua. 1.500 ikasle ditu gaur egun ikastola horrek, eta asko handitu zaio matrikulazioa azken urteetan.
Egoitza berria "ezinbestekoa" zaiela azaldu du Jone Urteaga zuzendariak. Sakramentinoen lurretan eraiki nahi dute egoitza, hamar gelarekin eta balio anitzeko areto batekin.
Egitaraua aurkeztu dute gaur. Bost gune handi eta sei txiki izango ditu ibilbideak, sei agertokirekin. "Programazio ikusgarria" antolatu dutela azaldu dute. 26 musika talde arituko dira, besteak beste.
Adin guztietako jendearentzako ikusgarriak eta ekitaldiak prestatu dituztela nabarmendu dute. Haurrek, gainera, hiru gunetan izango dituzte haiei eskainitako ekintzak.
Tolosako herritarrek ere presentzia handia edukiko dute egitarauan. "Inauterietan bezala" arituko dira txarangak, karroza bat pailazoekin, kantariak...
Erronkaren finala
Ekitaldi berri bat ere badute aurten: erronka. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleen arteko erronkak egiten aritu dira aurten.
Gipuzkoako 21 ikastoletako ikasleek parte hartu dute. Urriaren 6an, finala jokatuko dute, bi talderen artean.
Zortzikoak dira taldeak, eta bi kapitain ezagun ditu haietako bakoitzak. Egun osoan zehar probak, ginkanak, lokots biltze bertikala... egingo dituzte, eta irabazleak 2.000 euroko saria eramango du.
Heldu diren urteetan gainerako ikastolen jaietan ere halako erronkak egiten jarraitzeko asmoa agertu dute antolatzaileek.
Garraio publikoa erabiltzeko eskea
Antolatzaileek eskaera argia egin diete Kilometroen jaietara joan nahi dutenei: garraio publikoa erabiltzeko. Nabarmendu dute trenaren geltoki bat ibilbidearen sarreran dagoela. Autobus, bizikleta eta autoentzako aparkalekuak ere egokituko dituzte, hala ere.
Hondakinak bereizteko ere eskatu diete festara joango direnei. Urte osoan alkoholaren eta drogaren kontsumoa "arduratsua" izan dadin "lanketa berezi bat" egin dutela ere jakinarazi dute.
Ibilbideari eta egitarauari buruzko xehetasun guztiak webgunean jarri dituzte antolatzaileek.