euskal herria

Kirol "arriskutsuetan" erreskateak kobratzen hasiko da Jaurlaritza

Erreskatean parte hartu duen pertsona bakoitzeko 36 euro kobratuko dituzte, 38 euro mobilizatutako ibilgailu bakoitzeko, itsasontzi bakoitzeko 383 eta 2017 euro artean, tamainaren arabera, eta helikoptero bakoitzeko 2.093 euro.

2011ko abenduaren 22a
15:54
Entzun

Eusko Legebiltzarrak zenbait kiroletan erreskateak kobratzen hasteko legea onartu du gaur. Kirol "arriskutsutzat" jotzen dituztenetan kobratuko ditu, eta neurria beste kirol batzuetara ere zabalduko da, erreskatatuak arduragabekeriaz jokatu badu. Arriskutsutzat jotzen dituzten kirolak hauek dira: eskalada, espeleologia, arroila eta amildegi jaitsiera, surfa, urpekaritza edo ur azpiko beste edozein jarduera, mendiko bizikleta (kaskorik gabe egiten bada), motokrosa, zaldiketa turistikoa, eskia eta parapentea. Horietan erreskatatuak asegururik ez badu erreskatearen gastuei egin beharko die aurre.

PSE-EEk eta PPk bozkatu dute legearen alde, eta EAJ, Aralar, EA, EB eta UPD aurke agertu dira, bereizkeria eragiten duelakoan. Dani Maeztu Aralarreko parlamentariak Herrizaingo Sailaren datuak eraman ditu Legebiltzarrera eta azken hiru urteetan egin diren 281 erreskateetatik eskaladan zebiltzanek sei besterik ez dituztela eragin azaldu du, eta espeologian zebiltzanek, bi.

Eztabaida Legebiltzarrean

Leire Corrales EAJkoak esan du zigorren bat jartzearen alde bozkatuko luketela baina ez ordainaraztearen alde, eta hori bera trafiko istripuetan egitea astakeria litzatekeela gaineratu du. Joana Madrigal PSE-EEkoak erantzun dio esanez horregatik dagoela puntukako karneta, eta inor ez dela asaldatzen. Juanjo Agirrezabala EAkoak, ordea, gaineratu du 150 km/h.-ko gidatzea ere arduragabekeria dela eta kasu horietan ez dela neurri berezirik hartzen.

Neurriak ez die eragingo 16 urtetik behera dutenei, ezta gutxitasun psikiko bat dutenei ere. Istripuan kirolaria hiltzen bada ere, ez dute kobratuko erreskatea. Erreskatean parte hartu duen pertsona bakoitzeko 36 euro kobratuko dituzte, 38 euro mobilizatutako ibilgailu bakoitzeko, itsasontzi bakoitzeko 383 eta 2017 euro artean, tamainaren arabera, eta helikoptero bakoitzeko 2.093 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.