"Kirola tresna egokia da kalera ateratzeko eta gizarteratzeko"

Gaur egun, forjari eta gozogile lanetan dihardu Hanan Khiouichek Gasteizen. Garai batean, ordea, atletismoko mailaren gorenean aritu zen Marokoko talde nazionalean.

Koldo Sagasti
2015eko otsailaren 6a
19:44
Entzun

Hamabi urte zituela hasi zen korrika egiten Hanan Khiouich (Rabat, Maroko, 1979). Inguruko neska askok ez bezalako erraztasunak izan zituen atletismoan aritzeko; izan ere, familiatik zetorkion kirolarekiko zaletasuna, eta familiaren babes osoa izan zuen kirol jardueran modu profesionalean aritzeko. "Korrika, berez, txikitatik egin dut, baina hamabi urte nituela hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen. Aitak eraman ninduen lehen aldiz atletismo klubera, eta astean bizpahirutan hasi nintzen trebatzen".

Ibilbide lasterra izan zuen, handik lau urtera Marokoko talde nazionalerako hautatu baitzuten, kadete mailan. Hastapen horietan ezinbestekoa izan zen atletarentzat aitaren laguntza. "Nire herrian jende askok ez du onartzen emakume bat kirol profesionalean aritzea; horregatik, nahitaezkoa izan zen aitaren laguntza. Entrenamendu guztietara laguntzen zidan. Entrenatzaile titulua ere atera zuen niri laguntzeko". Rabateko klubetik selekzio nazionalera deitu zuten, eta orduantxe ekin zion bere ibilbideari nazioarteko lehiaketetan. Etxea ere utzi behar izan zuen, errendimendu handiko zentro batean sartzeko. Hala, herrialde arabiarretako txapeldun bihurtu zen. Baina bere ibilbideko punturik gorena Atletismo Munduko Txapelketa izan zen, 1998an, Annecyn (Frantzia), bosgarren postua eskuratu baitzuen nazioarteko lasterketa batean.

Lorpen horrek Olinpiar Jokoetarako sailkatzea ekarri zion. Baina, tamalez, belaunean izandako lesio batek aldendu zuen bere ametsetik. "Garai horretan, egun senarra dudana ezagutu nuen; eta gauza bat dela bestea dela, goi mailako kirola utzi egin nuen". Orduan, senarrarekin batera, Gasteizera heldu zen; baina bizitzaren gorabeherek atletismo profesionaletik urrundu bazuten ere, berak ez du inoiz utzi kirola. "Gasteizen ere jarraitu dut kirola egiten; orain, ordea, afizionatu moduan. Mendizorrotzako taldean aritu naiz, eta hamaika herri probatan parte hartu dut". Aitortu du, beste emakume askori bezala, zaila suertatu zaiola goi mailako kirola eta amatasuna uztartzea: "Lehenengo alaba izan nuenean, utzi egin behar izan nuen kluba. Baina korrika egiteari ez diot utzi".

Ogibide moduan, bestelako zereginetan dabil gaur egun; besteak beste, soldatzaile eta forjari lanetan, eta, azkenaldian, gozogile lanetan ere bai; baina, betiere, kirolarekiko zaletasuna albo batera utzi gabe: "Lau urte dira igerileku publikoetan sartzeko txartela atera nuela; baina egoera ez da samurra izan, nik gorputz osoko bainujantzia jantzita egiten baitut igerian, eta hasieran galarazi egiten zidaten sartzea". Emakume musulmanei kirol instalazio publikoetan jartzen dizkieten trabak salatu ditu kirolariak. "Behin, Iparralde gizarte etxean, sorosleak debekatu egin zidan igerilekuan sartzea. Aitzakia txatxua jarri zidan. Esan zidan neoprenoak erreakzio kimikoa egiten duela uretako kloroarekin eta horren eragina indargabetu egiten duela". Khiouichek, baina, bazterrak nahastu zituen, harik eta igerileku publikoetako zuzendariarekin bildu eta gorputz osoko jantziarekin bainatzeko baimena lortu zuen arte.

Era berean, Gamarran ustez kaleko arropa jantzita bainatzeagatik emakume arabiar batek piztutako polemikaren harira, bera gertaera horren lekuko izan zela aipatu du: "Nik ez dut begi onez ikusten ez emakume musulmanak ez inor kaleko arropa jantzita igerilekuan bainatzea. Baina Gamarran ez zen hori gertatu. Emakume bati umeak uretara ihes egin zion, eta igerileku ertzera hurbildu zen haurra ateratzera. Ez zuen, inondik inora, bainu bat hartzeko asmorik". Khiouichen ustez, igerilekuko afera ez da gertaera bakana, azkenaldian gero eta itogarriagoa bilakatzen ari den giroaren isla baizik: "Nik neuk lehen ez nuen buruzapirik erabiltzen; orain, aldiz, erabiltzen hasi naizenetik, sumatu dut nola aldatu den jende askoren jarrera nirekiko". Mesfidantzazko jarrera horiek batez ere autobusetan jasan dituela dio, batzuetan atea ireki ez diotelako eta, bestetan, mespretxuzko hitzak entzun behar izan dituelako.

Trabak traba, Khiouich ingurukoak xaxatzen dihardu kirola egin dezaten, baliabide aproposa dela uste baitu: "Kirola tresna egokia da emakume musulmanak etxetik ateratzeko eta gizarteratzeko". Alaba ere Mendizorrotzako atletismo taldean sartu du, itxaropenez, berak izan dituen trabak izan ez ditzan egunen batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.