Zortzi hilabete igaro dira Hodei Egiluz gazte galdakoztarra Anberesen (Flandria) desagertu zenetik. Azken hilabeteetan asko eta askotarikoak izan dira Egiluz bilatzeko eta ikerketarekin jarraitzeko eskariak, bai familiaren aldetik, baita erakunde eta gertukoen aldetik ere.
Eskari horrekin batera, hainbat ekitaldi eta jarduera prestatu dituzte Egiluzen alde. Atzoko ekitaldi solidarioan, bertsoak, poesia, musika eta beste izan zituzten.
Parte hartzaileen artean egon ziren Arkaitz Estiballes, Gari, Eñaut Elorrieta, BOS, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin. Ekitaldirako mila sarrera banatuak zituzten, eta kiroldegia bete egin zen. Emozioa eta esker hitzak ere ez ziren falta izan.
Abestia eta webgunea
Hainbat artistaren ekimenez, abesti bat sortu dute duela gutxi. Bilboko El Tigre estudioan grabatu dute Zerura begira. Honako musikari hauek aritu dira: Jon Agirrezabalaga (We Are Standard), Txomin Guzman (The Fake Band), Cris Lizarraga (Belako), Josu Zabala (Hertzainak), Ager Insunza (Audience), Oier Artola, Miguel Moyano eta Gari.
[YouTube]http://youtu.be/dLBwRUedenE[/YouTube]
Horrez gain, webgune bat ere sortu dute, nazioartean gaztearen desagerketaren berri emateko eta informazioa lortzen saiatzeko.