Kilometroak

'Klik', euskal izaera aktibatzeko

2011ko Azpeitiko Kilometroetako leloa eta logoa aurkeztu ditu Ikasberri Ikastolak eguerdian, Donostian. 20:30ean, jaialdia Azpeitian. Ikastolak 450 ikasle dauzka, eta aurki ikasle guztiak sartzeko lekurik gabe geratuko dira.

2010eko azaroaren 26a
15:04
Entzun
2011ko Azpeitiko Kilometroek badituzte dagoeneko leloa eta logoa. Leloa: Klik; horren bidez, aktibazioaren eta parte-hartzearen aldeko deiadarra egin dute antolatzaileek. Gaur eguerdian egin dute aurkezpena Ikasberri Azpeitiko Ikastolako kideek, Donostian.

"Ikastolen mugimenduaren hotsa da klik hori, eta euskal izaera hedatzeko baliagarria. Klik egitean, eredu parte-hartzaile eta berritzaile baten alde egiten da, erabakitzeko ahalmena duen ereduaren alde. Pedagogia berriak bilatzen eta hedatzen jarraitzea dakar klik egiteak. Gainera, aktibatzeko balio du".

Logoa, berriz, hiruki bat da, gailu elektronikoak martxan jartzeko sinboloa irudikatzen duen sinboloa.

Hirugarren Kilometroak Azpeitian

Azpeitian hirugarren aldiz ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen aldeko festa. Lehenengoz 1979an antolatu zuten, hurrena 2000n. 2011koa urriaren 2an izango da.

Ikasberri Ikastolak 450 ikasle dauzka egun, eta urte gutxi barru ikasle guztiak sartzeko lekurik gabe geratuko dira, arduradunen arabera. Horregatik, Kilometroen bidez dirua bildu eta gaurko eta etorkizuneko proiektuak bermatu nahi dituzte.

Azpeitian bertan gaur gauean egingo dute aurkezpen jaialdia: 20:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Ordubete atzeratu behar izan dute ekitaldia, ikastolako guraso baten hileta elizkizunagatik. Logoa eta leloa aurkezteaz gain, 2011ko Kilometroetako arropa ere erakutsiko dute Izarraitzen. Arropa bihartik aurrera izango da salgai.

21:30ean herri afaria egingo dute, Azoka plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.