Adierazpenean, "Klimari buruzko Nazio Batuen Hitzarmen Esparruaren Aldeen Konferentzian –COP21– nazioarteko adostasuna lortzeko nahia" adierazi du Jaurlaritzak, "gizarteari isuri gutxiko ekonomia bat, klima-aldaketaren eraginetara egokitua, zehazteko aukera emateko". Oregik zehaztu duenez, akordio orokor eta bete beharreko bat lortzea dute Parisen helburu, "karbono gutxi kontsumitzen duten eta klima aldaketaren agerpen ugariei aurre egiteko prest dauden gizarte eta ekonomietarako trantsizioaren oinarriak ezartzeko".
Jaurlaritzak, sei puntuko akordio baten bitartez, "berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko eta klima aldaketaren eraginei egokitzeko ahaleginak areagotzeko premia" onartu du, "baita horretarako erantzunkidetasunaren printzipioan oinarritu beharra ere". Orobat, "oinarritzat 2005. urtea harturik 2030erako berotegi-efektuko gasen isuriak %40 eta 2050erako % 80 murrizteko" konpromisoa azaldu du, "Europar Batasunak hartutako eta Klima Aldaketaren Euskal Estrategian jasotako konpromisoekin bat".
Gainera, Jaurlaritzak "herrialde, eskualde eta hirien arteko lankidetza eta elkarlana" sustatzearen alde azaldu da, "klimaren gaineko nazioarteko ekimen nagusietan aktiboki parte hartzen"; horrez gain, "garraio jasangarria, energia berriztagarrien garapena, energiaren aurrezpena eta lurraldearen erresilientzia" bultzatzen dituela nabarmendu du Oregik.