Bihar hasiko da mundu mailan klima larrialdiaren aurka deitu duten protesta astea, eta Euskal Herria ez da salbuespena izango. Mobilizazioak deitu dira hiriburu nagusietan, eta datorren ostirala da greba orokorrerako zehaztu duten eguna, irailaren 27a. Deialdia NBEk datorren astelehenean New Yorken egingo duen klimaren gailurraren aldi berean izango da.
Bilbon, gaur goizean egin du bat datorren ostiraleko greba deialdiarekin Klima Larrialdirako Aliantzak. Adierazi dutenez, klima "larrialdi egoeran" dago "produkzio eta kontsumo modelo desegoki" batengatik; haien hitzetan, "arriskuan dago zenbait animalia eta landareren bizia, baita gizakiona ere". Hori konpontzeko, erakunde publikoei lanbide alternatiboetan inbertsioak egiteko eskatu diete, baita produkzio sistema aldatzearen aldeko aldarria egin ere, gizartearentzat beharrezkoa dena soilik ekoitzi eta gertuko produktuak kontsumi ditzagun. Grebaz gain, kontsumo greba ere proposatu dute datorren ostiralerako.
Aste osorako egitarauak
Klima Larrialdirako Aliantza Greenpeacek, Ekologistak Martxanek, Eguzkik eta ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek osatzen dute; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken bi sindikatu horiek izapidetuko dute greba, legez. Kolektibo horrek, Fridays For Future gazte mugimenduarekin batera, mobilizazioak, grebak eta abar deitu ditu irailaren 20tik 27ra Hegoaldeko lau hiriburuetan: Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Besteak beste, Bilbon, bihar bertan 19:00etan udaletxean amaituko den ikasleen grebara gehituko dira, eta datorren ostiralean kontzentrazio bat egingo dute goizez, eta manifestazioa arratsaldez. Iruñean ere aste osoan egingo dira ekintzak: kontzentrazioak, EKO dantza eta musika festibala, Arga ibaia garbitzeko jardunaldi bat, erakusketak...
Ipar Euskal Herrian, berriz, Bizi Mugimenduak deitu du grebara eta mobilizazioetara. Kolektibo horrek, besteak beste, larunbaterako deitu du manifestaziora Baionan; "Klima eta justizia sozialaren aldeko herri martxa herrikoia" izena eman diote, eta 15:00etan aterako da Paul Bert plazatik.