11:30ean bildu dira hamabost aktibista Eusko Alderdi Jeltzalearen egoitza nagusiaren aurrean, trajez jantzita eta eskeletoen maskarekin, "Planeta suntsitu arte" lelopean. "Ekintza sinboliko" horren bidez, "planetaren geroa eta bizitza bera etengabe arriskuan jartzen ari den sistema kapitalista geldiarazteko premiaz" ohartaraztea zuten helburu. Hala, irailaren 20tik 27ra klima larrialdiaren aurka mundu osoan egingo diren mobilizazioei babesa erakutsi nahi izan die Sortuk.
"Enpresa eta erakunde kapitalisten" sinboloak zituzten soinean ekintza egin dutenek, haien aburuz ez baitu balio "klima krisiaren aurkako bandera astindu, eta, aldi berean, errauskailuak eraikitzeak, AHTa eraikitzeak edo Petronor enpresaren kutsaduraren aurrean ez ikusiarena egiteak".
Sabin Etxearen aurrean argazkia egiteko paratu direnean, bi aktibistek itzalgailuak erabiliz holi hauts berdea jaurti dute, adierazi dutenez, osagai naturalez ekoitzitakoa.
EAJk Twitter sare sozialaren bidez erantzun dio Sorturen ekintzari: "Hau da Sortu eta Ezker Abertzalearen koherentzia. 'Aldaketa klimatikoa salatzeko, Bilboko kale bat lohi eta zikin dezagun! Hori bai, %99an naturalak diren hautsekin, gu oso arduratsuak gara eta. Gainera, Sabin Etxeko aurreko kalea da, zeini axola?'. Horrela eraikiko dugu Aberria?" galdegin dute jeltzaleek. Aktibistek sortutako "zikinkeria" udaletxeko langileek "guztion diruarekin" garbitu beharra ere kritikatu dute.