Klima larrialdia

Klima Larrialdiaren Aldeko Aliantzak esan du Eusko Jaurlaritzaren aldarrikapena ez dela “nahikoa”

“Egoera larriaren onarpen pauso bat” dela onartu arren, azaldu dute 2050erako finkatutako helburuak hamar urte aurreratu behar direla, zientzialariek gomendatu bezala

Klima Larrialdiaren Aldeko Aliantzako kide Urshena Goiti, goizeko agerraldian. MARISOL RAMIREZ
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 8a
19:27
Entzun

Eusko Jaurlaritzak “klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera” izendatu zuen uztailaren 30ean. Lehendakariak egoera “arintzeko” neurri batzuk iragarri zituen, horretarako aurrekontuetako zati bat bideratuta. Ordea, eragile guztiak ez datoz bat finkatutako eginbeharrekin. Ekologistak Martxan taldeak asteon iragarri zuen neurriak “berandu” datozela. Euskadiko Klima Larrialdiaren Aldeko Aliantzako kide den talde ekologistaren iritzia berretsi du, eta administrazioei “ekintza errealak” eskatu dizkie.

Aliantzak nabarmendu du Jaurlaritzaren aldarrikapena “egoera larriaren onarpen pauso bat” dela. Hala ere, ez da “nahikoa”, prentsaurrekoa eman duten bost ordezkariek —Nuria Atienza, Marisa Castro, Lorea Flores, Elisa Ferraz eta Urshena Goiti— aho batez nabarmendu dutenez. Jaurlaritzak 2050. urterako ezarri du karbonoan neutroa izateko helburua —alegia, berotegi efektuko gasen isuriak ez izatea atmosferatik kendutakoak baino gehiago—, baina Floresek azaldu du “epe luzeegia” dela, zientzialariek 2040an jarri duelako hori lortzeko muga. Jaurlaritzak ezarritako denboran ezingo litzateke batez besteko tenperaturaren igoera 1,5ºC azpitik mantendu. Hori da “klima aldaketaren ondorio larrienak jasan behar ez izateko atzera-bueltarik gabeko puntua”, Floresen hitzetan.

“Euskadiko ingurumen arazo nagusienei irtenbidea” ematea galdegin dio Goitik administrazioari, “politiketan aldaketa erradikal bat” egitea, hain justu. Jomugan jarri ditu, besteak beste, Zabalgarbiko eta irekitzeke dagoen Zubietako erraustegiak, baita azken urteetako basoen kudeaketa ere, “zuhaitzen %60ren heriotza” eragin duena. Petronor ere ahotan izan du, eta enpresari leporatu dio “ingurumenari eta giza osasunari arazo handiak” sortzea: “Gure ordezkari instituzionalei eredu energetikoaren aldaketa baten alde egiteko eskatzen diegu, zeinetan horrelako azpiegiturek ez duten lekurik izango”.

Tokian tokitik eragiteko deia

Klima larrialdiaren konponbidea ez da soilik maila globaletik etorriko: NBEk aldaketa klimatikoaren ondoriorik larrienak murrizteko “potentziala” aitortu zien tokian tokiko agintariei. Erakundearen hitzak aintzat hartuta, Aliantzak Jaurlaritzari eskatu dio “doitzeko” helburuak zientzialarien gomendioetara, eta, horretarako, ezartzeko “neurri zehatzez beteriko bide orri bat”.

Oraingoan Eusko Jaurlaritzari mintzatu zaizkio, baina Aliantzak egindako eskakizunetan administrazio guztiak biltzen ditu. Floresek azaldu du instituzio guztien artean ondutako politika “koherenteak eta koordinatuak” behar direla, eta argi utzi du Aliantza ez dela “alderdikoia”. “Guztion borroka da. Gure iraupena kinka larrian dago gure anbizio ekonomikoa dela eta”.

Klima larrialdia administrazio publiko guztietan deklaratzeko xedearekin, Aliantzak mozio bat aurkeztua du hainbatetan. Jaurlaritzaren aldarrikapena baino astebete lehenago, EAJk gobernatzen duen hainbat udalerritan egin zuten saiakera, Berangon eta Sopelan (Bizkaia), esaterako, baina atzera bota zuten, argudiatuz “alarmistegia” zela. Hori dela eta, Goitik onartu du lehendakariaren adierazpenek “harritu” zituztela: “Pentsatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzaren norabide aldaketa baten ondorio dela”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.