Koronabirusa hedatzea galarazteko itxialdian, Gelditu. Hausnartu. Erabaki solasaldi digitalak antolatu zituen Gure Esku-k, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak. Bost saio egin zituzten apirilaren 23tik hasita, eta beste bost saioko beste ziklo bat egiten ari dira orain, maiatzaren 14az geroztik. Gaurkoarekin amaitu dute bigarren zikloa. Klima larrialdiari buruz aritu dira Ane Zabaleta, geologo, zientzia doktore, geodinamikako aditu eta EHUko ikertzailea, eta Unai Pascual, Ikerbasqueko ikertzaile (BC3), irakasle eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kidea (NBE).
Internet bidezko solasaldi horretan, bi hizlariak elkarrekin aritu dira klima aldaketari buruz egiten duten analisiaz eta euren ustez behar diren aldaketez eta hartu beharreko erabakiez, ordu erdiz. Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea izena jarri diote saioari.
Aurretik egin dituzten solasaldi guztiak ikusgai daude Gure Esku-ren Youtubeko kanalean. Bigarren ziklo honetan, Itziar Ferron Villodas zahar etxeko zaintzailea eta Karlos Ibarguren medikua zaintzaz eta langileen egoeraz aritu dira; Joseba Barandiaran ekonomialaria eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko Feminismo arduraduna, krisi ekonomikoaz; Gorka Julio informatikaria eta Eva Rodriguez de Luis teknologia berrietako aditua, teknologiaz eta askatasunaz; eta Kike Amonarriz soziolinguista eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile ohia, euskararen etorkizunaz.