Ingurumena

Klimak ez du itxaroten

Klima aldaketa eragiten duten gasen isurketak ez du etenik. Iaz inoizko isurketarik handienak izan ziren munduan, eta atmosferan pilatutako berotegi efektuko gasen kopuruak marka guztiak hautsi ditu: milioiko 393,1 zati, industria aurreko kopuruetatik oso urruti: milioiko 278 zati.

2013ko azaroaren 14a
11:21
Entzun

Klima aldaketaren ondorio latzak ari dira pairatzen dagoeneko batez ere munduko herrialde pobretuak, eta berriki Filipinetan izandako zikloiak eragindako hondamendia da horren adibidea. Varsovian hasi du NBEk klima aldaketari buruzko goi bilera, 2015erako akordioa lortzea prestatzen joateko. Dagoeneko berandu da, ordea. Honako hauek dira klima aldaketa eragiten ari den fenomeno nagusiak.

Izotzak eta glaziarrak: Desagertzen ari dira urtetik urtera munduko izotz eta glaziarrak. Gutxienez 1992tik antzeman zieten zientzialariek izotzen urtzeari, baina prozesua lehenagotik dator. Esate baterako, Artikoak bere izotz gunearen erdia inguru —iturri batzuen arabera gehiago, esate baterako, Greenpeaceren arabera, hiru laurdenak— galdu du hiru hamarkadetan. 2012Ko irailean eman zuen inoizko izotz geruzarik txikienaren neurketa: 2,12 milioi kilometro koadro. 1979an zortzi milioi kilometro koadroko batez besteko hedadura zuen izotzak Artikoan. Munduko izotz geruzarik handienetakoa dauka Patagoniak, esate baterako.

Berriki ohartarazi du NASA agentziak izugarri azkar urtzen ari direla hango glaziarrak. Esate baterako, Upsala glaziarrak, Patagoniako hirugarren handienak, hiru kilometro koadro galdu zituen hamarkada eskas batean, 2002tik 2013ra. Antzeko joera ikusi da Patagoniako beste zenbait glaziarretan ere, adibidez, Jorge Montt glaziarrean, Txilen. 

Europan ere prozesua antzekoa da. Alpeetako glaziarrak hedaduraren heren bat galdu dute 1950etik hona. Euskal Herritik gertuago, Pirinioetan ere, 45 kilometro koadro okupatzen zituzten glaziarrek XX. mendearen hasieran eta 2005. urtean bost kilometro koadro eskas besterik ez zuten neurtzen. Tenperatura orokorraren berotzeak eragin du izotzaren urtzeak. Izan ere, izotz guneak eta glaziarrak oso ekosistema hauskorrak dira. Europako Espazio Agentziak emandako datuen arabera, hiru gradu berotu da tenperatura Siberian 1950etik, eta horren ondorioz hango izotz iraunkorraren tamaina asko gutxitu da, Frantzia bezalako lurralde bat halako bi. Mende honen erdirako Artikoko izotzak betirako ur daitezke ari dira ohartarazten zientzialariak, izan ere, Ipar poloko tenperatura 6-8 gradu igo daiteke mende bukaerarako.

Itsasoko uren igoera: Izotzen urtzearen eta zabaltze termikoaren ondorioz —biak ere erregai fosilek eragindako berotegi efektuak eragindakoak— itsasoko uren igoera zenbatekoa izango den eztabaida handiak eragiten ditu zientzialarien artean. Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Panelaren arabera, 18 eta 59 zentimetro artean igoko da itsasoaren maila mende honetan. NASAko klimatologoek, baina, askoz ere egoera txarragoa iragarri dute, alegia, 2,25 metroko igoera: 45 zentimetro igoko lirateke glaziarren urtzearen ondorioz, 90 zentimetro Groenlandiako izotzaren urtzearengatik eta 90 zentimetro Antartidako izotzaren desagertzeagatik. Hain aurreikuspen ezberdinak daude ez dagoelako garbi zenbatekoa izango den tenperaturaren igoera.

Edonola ere, ur maila igotzeak lur asko ureztatuko ditu, eta horrek 634 milioi herritarrengan eragin zuzena eduki dezake. Izan ere, horiek itsasoko altueratik hamar metrora baino gutxiagora bizi dira. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, itsasoko urak 50 zentimetro igotzeak uholdeak ekarriko lizkieke 150 milioi laguni, bereziki enbata dagoenean. Euskal Herria ere ez da salbuespena izango.

Lapurdiko eta Akitaniako 150 zientzialarik egindako ikerlan baten arabera, 50 zentimetro eta metro bat artean igoko da uren maila Lapurdiko kostaldean. Azti-Tecnaliaren arabera, 1950etik 1,8 milimetro urteko ari da igotzen itsasoaren maila munduan.

[Vimeo]http://vimeo.com/13292409[/Vimeo] 

Mundu mailako igoera hori baino handiagoa da euskal kostaldean, 2,1 miliimetro 1943tik 2004ra (10 zentimetro 50 urtean). Horren ondorioz hiru hektarea galdu dute hondartzek Gipuzkoan mende erdi horretan, itsasoaren eskuetan. Alabaina, prozesu hori azkartzen ari da, eta 1993tik hiru milimetro ari da igotzen urtero. XXI. Mende bukaeran 50 zentimetro inguru haziko da itsasoaren maila Bizkaiko Itsasoan, Azti-Tecnaliaren arabera. Gipuzkoan 110 hektarea lur hartuko lituzke itsasoak eta 34 hektarea hiri.

Eta Itsasoko maila igotzeaz gain, tenperatura ere igotzen ari da. Horren ondorioz, hemen bizi izan diren hainbat espezie iparraldera aldatzen ari dira, eta hegoalderago bizi zirenak hona etorri dira bizitzera. Horrek ondorio handiak ditu ekosistemetan, eta, oraindik ere, zientzialariak haien ondorioei beha daude.

Ekosistemen desagertzea: Berotzeak eragin handia izango du munduko ekosistemetan. Haietako batzuk ari dira jadanik berotze orokorraren kalteak pairatzen. Hala, tropikoetako espezieek pairatuko dituzte kalteak azkarren, ez baitaude ohituta tenperatura aldaketetara. Dagoeneko koralezko uharriak ari dira pairatzen klima aldaketaren ondorioak. Haietako asko ari dira desagertzen, eta berotzeak jarraitzen badu litekeena da munduko guztiak desagertzea, zientzialariek ohartarazi dutenez.

Beste ekosistemetan izango den eraginari dagokionez, zaila da neurtzea zer eragin izango duen klima aldaketak,  tenperatura igotzea ez delako berdina izango planeta osoan. Edonola ere, espezieen galera gaur egun erritmo naturalean baino 1.000 aldiz azkarrago gertatzen ari da, lau faktore nagusirengatik: klima aldaketa, kanpoko espezieen inbasioa, gehiegizko ehiza eta gehiegizko arrantza. Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren (IUCN) zerrenda gorriaren arabera, txorien espezieen %12, ugaztunen %23, anfibioen %32 eta dordoken %42 desagertzeko arriskuan dira: 16.928 espezie berriki zentsatu dituzten 44.838 espezieetatik. Desagertzeko arriskuan diren ia 17.000 espezie horietatik 3.246 egoera kritikoan daude. Horietatik batzuk klima aldaketak zuzen-zuzenean mehatxatzen ditu, WWFk adierazi duenez: hartz polarra, pinguinoa, Bengalako tigrea, mortsa, hegaluze gorria, hipopotamoa, mendiko gorila, albatroa, itsas dordoka eta koralezko uharria.

Gaitzak eta osasuna: Tenperatura berotzeak eragingo duen ingurumen aldaketak eta zenbait parasitoren eragin eremua zabaltzeak gaixotasun batzuen eragin eremua handitu egingo du. Esate baterako, dengea eta paludismoa kutsatzen duten eltxoak iparraldeko lurretara joan ahal izango dira, berotzearen eta prezipitazioen biderkatzearen erruz. Aldi berean, natur hondamendi gehiago izaten ari dira eta etorkizunean are eta gehiago izango dira (uholdeak, lehorteak, urakanak, ekaitzak...), eta horrek eragin larriak ekarriko dituzte, ur edangarriaren gabeziaren ondorioz. Asma eta rinitis gehiago izango dira udaberrian, eta estres termikoak bihotzeko eta arnas aparatuko gaitzak ugarituko ditu. Europaren kasuan, esate baterako, azken uda batzuetan izan dira beroak eragindako gaitz larri batzuk: bero kolpeak, hipertermia, deshidratazioa...

Horiek are eta gehiago sentituko dira hurrengo urteotan. Aldiz, neguan izaten diren gaitz batzuk (bronkitis, pneumoniak...) gutxiago nozituko dira. Europako herrialde guztietan nabaritu da jadanik joera hori. Esate baterako, 1950 geroztiko negurik hotzenetan %5-7 artean gutxitu dira gaitzen ondoriozko heriotzak, abendutik otsailera. Udarik beroenetan,  berriz, %10-12 handitu dira heriotzak, ekainetik abuztura.

Natur hondamendiak eta uholdeak:
Ohiko bihurtu dira, eta zerikusi zuzena dute itsasoko uraren berotze orokorrarekin. Memorian geratu zaizkigu 'Katrina', 'Mitch', 'Wilma', 'Nargis' eta aste honetan bertan Filipinak astindu eta milaka hildako eragin dituen 'Haiyan'

Urtero-urtero ehunka mila lagun hiltzen dituzte uholdeek eta natur hondamendiek, eta horien erdiak klima aldaketarekin zerikusia duten uholdeetan izaten dira. Hala ere, natur hondamendien eta klima aldaketaren arteko lotura zientifikoa zehaztea ez da erraza. Zientzalari batzuek topatu dute, ordea. 'Nature' aldizkariak argitaratu zuenez, Kanadako Ingurumen Ministerioak aginduta, hainbat zientzialarik zehazten dute lotura bi fenomoen artean.

150.000 ordenadore partikularren parte hartzeari eskerrak, zientzialari horiek topatu dute lotura berotze efektuaren eta euri bortitzen intentsitatearen artean, ipar hemisferioan. XX. Mendearen bigarren zatian 24 ordu iraun duten eurite bortitzen hazkundea bat dator berotze efektua eragiten duten gasen isurketaren hazkundearekin. Ez dira, ordea, ipar hemisferioko herrialde industrializatuetan gertatzen ari natur hondamendien kalterik handienak, hego hemisferioko herrialde pobretuetan baino. Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera, natur hondamendien kopurua %50 hazi zen 2000ko hamarkadan 1990koarekin alderatuta.

Uholdeak eta eurite bortitzak, baina, ez dira mundu osoan ohikoak. Basamortutze prozesu bortitza ere martxan da, deforestazioarengatik ez ezik, klima aldaketagatik ere. Izan ere, euriteak %10 eta 30 bitartean gutxituko dira erdi latitudeetako eta tropiko lehorretako hainbat eskualdetan, NBEren arabera. Esate baterako, 2000 eta 2005 urteen artean erdialdeko eta mendebaldeko Afrikak 67.800 kilometro koadro lur galdu ditu basamortutzearen ondorioz (Euskal Herriak 22.000 kilometro koadro ditu).

Migrazioak
Itsasoaren gorakada, nekazari lurren gazitzea, basamortutzea, ur edangarriaren galera eta elikagaiak lortzeko berme eza (guztiak ere klima aldaketa bultzatzen ari den ondorioak) milaka lagun bultzatzen ari da munduan emigratzera. Nazio Batuen Erakundearen migrazioei buruzko 2010eko txostenaren arabera, 2008 eta 2009an 20 milioi pertsonak emigratu behar izan zuten klima aldaketak eragindako faktoreengatik.

Asia da iheslari gehien eragin dituen kontinentea, momentuz. Uholdeek, urakanek eta bestelako eguraldi fenomeno bortitzek berehala behartzen dute jendea etxetik urrutiratzea (adibidez, Katrina urakanaren ondorioz 1,5 milioi lagunek utzi zuten New Orleans 2005ean, eta haietatik 300.000 ez dira itzuli; Myanmarren,  'Nargis' zikloiaren ondorioz 800.000 desplazatu eragin zituen 2008an, baina, beste batzuetan askoz ere fenomeno luzeagoak izaten dira, besteak beste, lehorteak.  Basamortutze eta ur eskasiaren ondorioz 10 milioi pertsonak emigratu behar izan zuten Afrikan azken hamarkadetan, eta ia milioi bat lagunek utzi behar izan dute Mexikoko iparraldeko eremua. Itsasoaren gorakada herrialde batzuk desagertarazten ari da urtetik urtera. Kasu nabarmenak dira Tuvalu eta Kiribati uhartediena. Herrialde horiek laster desagerraraziko ditu itsasoaren maila igotzeak, eta iheslari ugari saiatu dira Australiara eta Zelanda Berrira joaten, baina atzera bota dituzte gehienak errefuxiatu babesa ez edukitzeagatik.

NBEk ez du onartzen errefuxiatu klimatikoaren figura, baina gero eta agerikoagoa da halakorik izan badela. 2050erako 200 milioi  lagunek utzi beharko dute euren herrialdea klima aldaketaren ondorioz, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta gai hauetan aditu Norma Myersen arabera. Beste iturri batzuk askoz ere ezkorragoak dira: ACNURen arabera, esate baterako, mila milioi lagunek emigratu beharko dute 2050ean arrazoi horren ondorioz.

Ur edangarriaren falta
Klima aldaketa eragin larria izaten ari da ur edangarriaren hornikuntzan, bereziki, munduko herrialderik pobreenetan. Gaur egun 1.000 milioi pertsonek ez dute ur edangarriaz gozatzeko aukerarik, eta 2.500 milioik ur zikinak garbitzeko azpiegiturarik gabe bizi dira, beraz, kalitate txarreko ura edaten dute. Egunero 6.000 haur hiltzen dira ur ez edangarria edatek eragindako gaixotasunen ondorioz, eta 4 milioi lagun hiltzen dira urtero kalitate txarreko ura edateagatik.

Egoera okerrera egiten ari da. Batetik, itsasoko uraren mailaren gorakada ur gezaren iturriak zapuzten ari da munduko hainbat herrialdetan, besteak beste, altuera gutxiko uharte eta kostalde eremuetan: Ozeaniako uhartediak, Bangladesh, India, Karibe... Horrez gain, bakteria eta birusen zabaltzea handitzen ari da ur edangarriaren gabezia mundu osoan, baina beti bezala Asia, Afrika eta Hegoamerikako herrialde pobretuak dira horren eragina gehien nabaritzen dutenak.

Lehorteen ondorioz ere ur hornidura gutxitzen ari da, eta are eta gehiago gutxituko da laster batean. Esate baterako, gaur egun1.600 milioi lagun bizi dira ur edangarriaren falta dagoen herrialdeetan, eta kopuru hori 2.800 milioira handituko da 2025era, Munduko Bankuak emandako datuen arabera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.