Psikiatra zen Jose Diego Yllanes, 2008ko Iruñeko San Fermin jaietan Nagore Lafagge gaztea hil zuen gizonezkoa. Sare sozialetan zabaltzen joan diren hainbat mezuk agerian utzi dute klinika psikiatriko batean ari dela orain berriro lanean.
Webgune baten irudia badabil, zeinean Yllanes agertzen den beste hainbat profesionalen ondoan, argazki eta guzti, erietxearen zerbitzuen berri emanez. Ondoan jartzen du medikua dela. Orain ja ez da, ordea, gainerako profesionalen ondoan Yllanes ageri; kendu egin dute haren argazkia.
Sarea arakatuta, hainbat zientzia artikuluren egile gisara ere ageri da Yllanes, aipatu erietxe psikiatrikoarekin lotuta —2008koak dira artikulu horiek, Nagore Laffage hil zuen urte berekoak—. Dietista eta entrenatzaile pertsonal gisara ere agertzen da klinika horretan. Carlos Chiclana psikiatra da erietxeko arduraduna, eta haretxen izena du zentroak.
Aurtengo udan lortu du hirugarren gradua Yllanesek. Hamabi urte eta bost hilabeteko espetxe zigor bat ezarri zioten 2009an, Nagore Laffage hiltzea egotzita. Defentsak Yllanesen "jarrera ona" erabili zuen argudio gisara, hirugarren gradua emateko. Egoera horrek era ematen dio gauak bakarrik igarotzeko espetxean.