Janari prestatuetako marka askok erabiltzen dute jakiak prestatzen ari den ama, amona edo aitona baten irudia, jaki goxoen adierazle. Hau ez da halako kasu bat, jaki goxoez asko dakien ama bat tartean badago ere.
Duela hilabete gutxi osasun arazo larri bat izanagatik ere, itxura ezin hobearekin dago, eta lantegira ia egunero joaten da Pilar Mugika (Zarautz, 1943), sukaldeko lanak begiratu, produktu berriak landu eta denetik egitera. Haren semeen izena du enpresak, Ameztoi Anaiak, eta gourmet mailako janari prestatuak egiten ditu. Duela hiru urte aldatu zuten lantegia Zarauztik Zestoara, eta egun 50 langile dituzte jardunean, krisiari aurre eginez. Eta dena zainduz, ameztoitarren ama.
11 urte zenituenetik lanean.
11 urterekin neskame joan nintzen. Orduan normala zen hori. Ekainean eskola amaitu eta ume bat zaintzen hasi nintzen, eta uda bukatzerakoan han segitu nuen neskame, denetik egiten. Andrea modista zen, kanpoan egiten zuen lan, eta etxeko lanak denak nik egiten nituen. Hango haurrak handitu ziren, eta josten ere ikasi nuen eta bertan lan egiten jarraitu. Azkenengo bi urte urteetan, etxera joaten nintzen lotara. 23 urterekin utzi nuen, ezkondu nintzenean.
Sukaldekoak, orduan, han ikasi zenituen?
Nik uste dut nik bakarrik ikasi nuela... Andre hark zerbait erakutsiko zidan, baina gutxi egoten zen nirekin, eta amari ere galdetu izango nion hau edo hori nola egiten den, baina... Nik bakarrik ikasi nuen. Beti izan dut gustuko sukaldea.
Zuen amarekin ere ez, orduan?
Gure ama ere oso ona zen sukaldean. Zazpi anai-arreba ginen, eta aita askotan gaixo izaten zen, gerriko minez. Eta orduan, dirua atera behar zen. Etxe ondoan txabola genuen; behia, txerria, untxiak, oiloak... Ez genuen goserik pasatu. Eta gure amak beti esaten zigun ondo jan behar dela, gero hori igarri egiten dela. Hori oso ondo erakutsi zigun. Nire gizonaren familiak diru gehiago zuen, baina berak beti esaten du: "Armairuan giltzarekin". Guk ez genuen hori ezagutu etxean. Eta nik ere nire semeei hori erakutsi diet. Hara, urtebetetzeetan ez nien oparirik egiten. Afaritara nahi zuten tokira joatea oparitzen nien.
Sukaldean bakarrik ikasitakoa, beraz.
Gustatu ere beti egin zait sukaldean aritzea. Baina orduan ez zegoen halako eskolarik orain dauden bezala. Ezkondu nintzen eta eztei bidaiatik etorrita, Kukulunera joaten nintzen haragia erostera. Eta esan zidan: "Ze arraroa zuk eskatu duzuna eskatzea". Nik zergatik galdetu nion. "Ezkonberriek beti xerra eskatzen dute!", esan zuen. Eta nik, salda egiteko, gisatzeko...
Zure kroketak onak zirela bazenekien?
Bai, koinatak eta besteek esaten zidaten oso goxoak zirela.
Kontaidazu hau guztia nola sortu zen.
Nik nire dirua irabazten nuen, salmentan ibiltzen nintzen, zuzeneko salmentan. Baina behin koinata etorri zitzaidan. "Pili, biontzako zer edo zer egin behar dinagu". Eta halaxe, 1982ko San Jose bezperan, ari nintzen kroketak frijitzen, astero egiten nizkien-eta gure mutilei [semeez ari da], eta ikastolatik etorri zirenean... Esan nuen: "Eta kroketak saltzen hasten banaiz ni?". Goian bizi zen Juaristi harakina, eta momentuan igo nintzen. "Aizu, nik kroketak egingo banitu, salduko al zenituzke dendan?". "Nahi baduzu, bihartik", erantzun zidan. "Baina ez dakizu nola egiten ditudan eta". "Ez dut behar". Koinatari deitu eta barre egiten zuen. Esan nion: "Maritxu, ez egin barrerik, negozioa ikusi dut eta". Astearte bat izango zen hori. San Jose egunean probak egin, eta ostiralean kroketak zerbitzatu genituen.
Lau seme, etxea eta kroketagintza. Eguna betea.
Gero sukaldari ere hasi nintzen, Zarautzen, haur ezinduentzako eskolan.
Ño... Lo nahikoa egiten zenuen?
Gutxi! Kar-kar. Baina ni primeran antolatzen nintzen. Genuen lanaren arabera, goizago edo beranduago hasten ginen, baina gure mutilek ikastolara joan baino lehenago eraman behar zituzten [bizikletan]. Beraz, goizeko zortzietarako prestatuta izan behar genituen kroketak. Goizeko bostetan, bostak eta erdietan, hasten ginen lanean.
Mutilak bidali, etxea pasa...
Bazkaria egin...
Bazkaria eginda utzi, eta eskolako sukaldera.
Ordu bi eta erdiak arte. Eta gero gauean berriz masa egitera, hurrengo egunerako. Egunean 500 kroketa ere egingo genituen.
Koinata eta zu.
Bai, 1982an hasi eta 12 bat urte egin genituen horrela.
Osasun inspektorea etorri zen arte.
Bai, norbaitek salatu gintuen... Etorri zen eta, nik berogailua, garbigailua eta dena trasteroan dauzkat; atea itxi eta sukaldea, dena sukaldea da. Baina... Osasuneko erregistroa behar genuen. Epe bat utzi ziguten, lokalen bat bilatzeko edo. Aldi hartan koinatari gaitza sartu zitzaion, eta utzi egin behar izan zuen ere. Eta orduan semeei proposatu nien: "Hemen lana egin behar da, baina dirua dago, diru polita".
Aizu, hori baino lehen, semeek jasotzen al zuten dirurik partiketan ibiltzeagatik?
Bueno... Ondo bizi ziren. Halako zapatilak nahi bazituzten, lortzen zituzten.
1994an jarri zenuten semeek eta zuk lantegia Zarautzen. Zein adin zuten haiek?
19 urte gazteenak 24 zaharrenak. Esan nien hemen lan eginez gero denak biziko ginela ondo, baina lana egin beharra zegoela. "Bale, ama, guk lagunduko dizugu", esan zidaten. Beste denbora pixka bat lanean etxean jardun eta Zarauzko lantegia jarri genuen. Gizonari herentzian tokatutako diru bat hartu, eta mutilei eman genien lokalean sartzeko.
Enpresari Ameztoi Anaiak deitzea ama zegoenean hor...
Mutilak zeuden hor eta ni neu... Gainera, orduan zer pentsatuko nuen nik hona iritsiko ginenik... Eta gainera, semeak semeak dira. Eta Ameztoi dira haiek.
Kroketak eta gauza gehiago egiten hasi zineten orduan.
Orduan kroketak bakarrik egiten genituen. Ez genuen pentsatu ere egiten beste gauzarik egin zitekeenik, bururatu ere ez! Lantegia handia zen; Gipuzkoan saldu behar genuen, eta Igor semea eta ni saltzera atera ginen. Eta gogoratzen naiz Arrasatera joan ginela bezero batengana —oraindik ere bezero dugu— eta geure burua aurkeztu genuela. Hark esan zidan Gasteizko batek egiten zizkiola kroketak, eta baita ere muskuilu beteak, piper beteak, oilaskoa bexamelarekin... gama guztia. "Bada, nik ere egingo dizkizut", esan eta hark erantzun: "Bueno, orduan, datorren astetik aurrera, zuk ekarri". Hari ere esan nion: "Ez dakizu eta nolakoak egiten ditudan!". Eta hark ere ez zuela axola erantzun zidan; konfiantza hori eskaini zidan. Handik irten ginenean, gure Igorrek: "Ama erotu egin al zara? Baina nola egingo ditugu horiek denak?". Eta nik esan nion: "Besteak baino tontoagoak ez gaituk; besteek egiten badituzte, guk ere ikasi beharko diagu bada egiten". Etxera etorri, probak egin eta hurrengo astean dena zerbitzatu genuen. Horrek guztiak begiak ireki zizkigun. Eta denetik egiten hasi ginen, txipiroiak... denetik.
Orduan utzi zenuen eskolako sukaldari lana?
Bai. Gainera, eskola Oriora eraman zuten... Bestela, ordura arte pena ematen zidan uztea. Semeek esaten zidaten uzteko, baina pena ematen zidan.
Zarautzen, behintzat, zuek kroketak egiten hasi zinetenean ez zegoen halakorik.
Ez, ez zegoen.
Baten batek esango zuen kroketengatik ordaintzea ere...
Bai, baina orduan ere bazegoen jendea erosten zuena.
Halako produktuak dendetarako-eta egiten lehenengotakoak izan zineten. Baina orain gehiago ere badira.
Lehia izugarria dago, bai, baina denean dago hala. Eta lehiatu beste erremediorik ez dago; lehengo eran segi eta lana ondo egin.
Kanpora ere asko saltzen duzue.
Bai, azoketara-eta joaten gara. Begira, semeak-eta azoketara joaten hasi zirenean, gure produktuak probatzen zituen jendeak galdetzen zien ea zeinek eginak ziren. "Amak", erantzun, eta "bai zera!", esaten zieten. Behin itzuli ziren semeak haietako batetik, eta esan zidaten nik ere joan behar nuela azoketara, bestela inork ez ziela sinesten nik egiten nituela, ni izan nintzela hasi nintzena. Halaxe hasi ginen joaten. Orain gizona eta ni joaten gara.
Kalitatea azpimarratu ohi duzu beti.
Bai; nik uste dut funtsezkoa dela. Esnea ere ona daukagu; egunero baserritik zuzenean etortzen da hona.
Bere garaian, etxean jarduten zinenean ere, esnezalea gustura izango zenuen.
Jakina! Urtetako Etxeberrikoak ekartzen zigun esnea. 20tik gora litro ekarriko zituen egunero.
Esnea garrantzitsua da kroketentzat.
Oso. Oso garrantzitsua. Beste esneak badaude, baina ez da berdina, inondik ere. Urdaiazpiko ona ere erabiltzen dugu, Guijuelokoa; gurina eta ez margarina, olioa ere oliba...
Beti galdetuko dizute zein den kroketa on batzuen sekretua.
Bai, beti galdetzen didate. Bexamela ondo lantzea, besterik ez dauka. Nik hemen, gauza berriak ateratzeko, probak egiten ditut, produktu berriak pentsatu eta probatzen. Atzo bertan esaten zidan semeetako batek barazkiekin zer edo zer egin behar genuela. "Heuk nahi duana aterako diat", esan nion.
Proba asko egiten dituzue zerbait berria ateratzeko?
Mmm... asko? Normalean, bigarrengoan irteten zait niri ona.
Eta bitarte honetan egin duzu ikasketarik sukaldaritzaz?
Batere ez. Lankideak baditut ikasketak egin dituztenak. Hauek sukaldaritza modernoa esaten zaion hori ikasi dute, aparrak eta halakoak. Nik ez dakit horiek egiten, baina besteak bai!
Zer moduz moldatzen dira lau semeak elkarrekin lanean?
Ondo. Zortea daukagu: Zaharrena, Iñigo, gerentea da; bigarrena, Aitor, sukaldean dago, bexamelak egiten erakutsi diot, eta oso ondo egiten ditu; hirugarrena, Igor, salmentan ibiltzen da; eta gazteenari, Haritzi, beti gustatu izan zaizkio motorrak eta halakoak eta mantentze lanen arduraduna da. Izaten dituzte anaien artean, ez pentsa. Baina badakizu zein den seinale oso ona? Jaiero gure etxera etortzen dira bazkaltzera, denak. Aurreko igandean 15 lagun ginen bazkaritan etxean.
Baina badakizu zer esaten den familia enpresei buruz, bigarren belaunalditik aurrera jendea despistatzen hasten dela. Badaukazu horren beldurrik?
Ez daukat beldurrik, ni ez naizenez egongo, kar-kar! Baina gauzak ondo egiten ari dira semeak. Coaching ere egin dugu hiru alditan edo. Badakizu zer den, ezta? Halakoetan aritzen diren bi katalanekin elkartzen gara denok, Oikiako toki batean, bi egun eta erdi edo hiru egunez, eta elkarri gauza denak aurpegira esan.
... Hori ez nuen ezagutzen. Eta lagungarria al da?
Izugarri. Elkarri gauzak esan, garbi; gero haiek [katalanek] laguntzen dute, gauzez konturatzeko eta abar, eta denok elkar izugarri maitez irteten gara handik.
Denak etxean bazkaltzen eduki ahal izateko.
Horixe esan nahi nizun, bada. Izan ere, normalean, familia enpresetan, gero kalean elkarri begiratu ere ez diote egiten anaiek. Eta gure etxean, aldiz, ez... Hori bai, esanda daukagu etxean ez dela lanari buruz hitz egiten, haserretzeko bidean ez jartzeko.
Zu lehen bezala bizi zara, ezta? Esan nahi dut, enpresaburu izanda, ez zarela etxe handiago batera aldatu edo...
Ez, lehengo etxean bizi naiz. Ni ez naiz Azken Portutik irtengo, hantxe jaio nintzen ni... Enpresaburu... Eskailerak igotzeko eta jaisteko dira, aizu. Gure amak erakutsi zidan hori ere; oso garbi esaten zigun erraza zela eskaileran igotzea, baina jaistea oso gogorra zela. Non jaio garen eta... burua hor eduki behar dela.
Utziko al diozu noizbait hona etortzeari?
Ondo nagoen bitartean nik semeei lagundu egingo diet. Eta, gainera, gainean egon pixka bat... Gauza berriak egin, bai, baina aurrekoak ere hobetu behar ditugu...
Erretirorik ez orduan?
Nik ez daukat erretirorik. Zarautzen lantegia jarri genuenean ere ez zegoen dirurik. Nik oso garbi jarri nien semeei: "Kaxatik dirurik ezin da hartu bi urtean. Hemen aurrena zimenduak egin behar dira, gogortu". Semeak etxean zeuden, nire gizonak oso ondo irabazten zuen, eta handik jana eta paga eman, eta gero hilean 25.000 pezeta hartzen zituzten, besterik ez. Gauzak ondo hasi zirenean, makinak eta abarrak pagatu eta, orduan bai, baina ordura arte besterik ez. Eta nik orduan ez nuen pentsatu ere egiten nire erretiroarekin, eta ez nuen kotizatu. Eskolako sukaldean aritutakoa kotizatua nuen, bai, baina besterik ez.
Neskame egondakoagatik ere ez?
Orduan ez zen kotizatzen! Orain dela 50 urte?
Garai hartan, emakume izanda, zure izenean konturik ere ezin eduki bankuan...
Ez ba. Gu 47 urte ezkondu ginela, eta dena gizonaren izenean egon behar zen... [Irribarrea zabaltzen hasi zaio] Eta orain alderantziz, orain... kar-kar... Dena nire kontuan dago! Kar-kar!