Hizkuntz eskubideak

Koldo Rodriguez EHEko kidea baldintzapean aske utzi dute, epailearen aurretik igaroarazi eta gero

Goizeko hamaikak aldera utzi dute aske Koldo Rodriguez EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kidea, 06:30etan Lekeition (Bizkaia) atxilotu, eta Gernikako epailearen aurretik igaroarazi ostean. Hala ere, bi astean behin bere burua epaitegian aurkezteko baldintza ezarri diote. Gernikako Epaitegian hizkuntz eskubideen defentsan egindako ekintza bat tarteko atxilotu dute Rodriguez. Gernikako Epaitegira eraman duten arte Ondarroako Ertzainetxean eduki dute, eta han ertzain bakar batek ere ez zekiela euskaraz salatu du.

2006ko otsailaren 1a
17:27
Entzun
Justizia arloa euskalduntzea eskatzeko kanpainaren barruan Gernikako Epaitegian ekintza bat egin zuten Rodriguezek eta beste hiru lagunek. Hori dela eta, auzibidea hasi zuten beren aurka, baina horien berri izateko epailearen aurrera joateko egin dizkieten deiak ez dituzte aintzat hartu orain arte hizkuntz eskubideak ez zizkietelako bermatzen. Azkenean, atxilotzeko agindua eman zuen Gernikako epaileak.

EHEko iturriek 'berria.info'-ri agertu diotenez, atzo iluntzean joan ziren ertzainak Rodriguezen bila haren etxera, baina ez zuten han topatu. Gaur goizean, 06:30etan, lanera joateko etxetik irten denean atarian zain zuen Ertzaintza eta atxilotu egin dute.

Lehendabizi Ondarroako (Bizkaia) Ertzainetxera eraman dute, eta han ohiko datu hartzeak-eta egin dizkiote. Rodriguezek salatu du ertzain bakar batek ere ez zekiela euskaraz, eta, ondorioz, prozedura horiek guztiak gazteleraz egitera behartu dutela.

Handik, Gernikako Epaitegira eraman dute, epailearen aurrera. Bere kontrako auzibidearen berri eman dio epaileak, eta, halaber, baldintzapean aske utzi du. Bi astean behin epaitegira sinatzera joateko baldintza ezarri dio.

EHEk agertu du Rodriguezekin batera ekintza hartan parte hartu zuten beste hiru lagunak egoera berean direla, eta, beraz, atxilotu egin ditzaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.