Analisia

Kolonbiatik Oslora

jakes goikoetxea
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Asier Huegunen bahiketaren kontakizuna abentura izan zen BERRIAko Gizartea sailarentzat, hasi Euskal Herritik egindako telefono deietatik, jarraitu Kolonbian egindako egunetan eta bukatu etxera bueltan hegazkinean harrapatu genuenean. Hasieratik garbi geratu zen Kolonbiako Artzapezpikutza zela bahituak askatzeko bitartekaria eta iturri fidagarri bakarra. Elizako iturriek hitz egiten zuten, baina, hori bai, hitzak ondo neurtuta, are gehiago bahiketak Euskal Herrian izan zuen oihartzuna ikusi zutenean. Gatazka diplomatikoa ere sortu zen, ELNk Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat eskatu zuenean, askatzeko prozesua gainbegiratzeko. Azkenean ordezkaritza —Joseba Egibar, Sabin Intxaurraga eta Joseba Alvarez— ez zen Kolonbiara joan.

ELNko bahitzaileek Hueguni hasieratik esan zioten bizitza errespetatuko ziotela, hasieratik jakinarazi zuten bahitu berezia zela, euskalduna zelako. Familiari barkamena ere eskatu zioten. Baina bahitzaileak gaztetxo armatuak ziren, eta Huegun Kolonbian bahitu zuten, hau da, bere bizitza ez zegoen gerrillarien esku bakarrik, baita paramilitarrekin ez topatzearen edo militarrek askatzeko operazio bat ez egitearen menpe ere.

Huegun Santa Martako Sierra Nevadako oihanean zegoen bahituta. Hura eta gainerako bahituak askatzeko urratsak, ordea, Kolonbiako Artzapezpikutzatik zuzendu zituzten, gobernuaren eta ELNren baimenarekin. Itaguiko kartzelan ere negoziatu zuten Elizak eta ELNk. Espetxean zegoen Francisco Galan ELNko buruzagia, eta Elizako ordezkariak harekin bildu ziren. Kolonbian ginela, Galanek espetxetik bertatik posta elektronikoz—bai, posta elektronikoz— aurreratu zion Bertha Gaztelumendi ETBko berriemaileari Huegun noiz askatu behar zuten.

Bederatzi urte geroago, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek bake prozesua abiatu behar dute Oslon. Bederatzi urte geroago, Huegunek harremana du bere bahitzaileetako batekin, Antonio gerrillari ohiarekin. Stockholmeko sindromea? Ez, izatekotan, Oslokoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.