Legez besteko proposamena egin du EH Bilduk Gasteizko parlamentuan, legebiltzarkideek CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak egindako gomendio guztiak bere egin ditzaten eta Madrili haiek bete ditzala eska diezaioten. Aztertu dituen tortura kasu ia guztiei sinesgarritasuna eman die erakundeak. EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak esan duenez, "inkomunikazioak atxilotuei tratu txarrak egitea errazten du, eta torturatzaileen inpunitatea bermatzen laguntzen du". Torturarekin amaitzeko "ezinbestekoa" iruditzen zaio inkomunikazioa baimentzen duen legea bertan behera uztea, eta Madrili ikustarazi behar diote hori.
Espainiako Gobernuak entzungor egin die batzordearen eskaerei, beste behin. Badira 20 bat urte jarrera horri eusten diola. Batzordeak berak bere txostenean ohartarazi duenez, 1991etik, Espainiara lehen bisita egin zuenetik, «ezer gutxi» egin du gobernuak inkomunikatutako atxiloaldietan salatzen diren tortura kasuak eragozteko. Madrilek, berriz, argudiatzen du urratsak egin dituela alor horretan eta horiek jasota daudela hainbat lege eta neurritan. Batzordeari, halere, ez nahikoak iruditzen urrats horiek, eta, gainera, salatu du kasu gehienetan ez direla betetzen.