Emakundek, Begiraren bitartez, gailu eramangarrietarako aplikazio bat eguneratu eta martxan jarri du, herritar orok publizitatearen eta komunikazioaren eremuetan erabilera sexistak antzeman, identifikatu eta kexak aurkezteko.
Begira aplikazioaren zeregina "prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea da, baita sentsibilizatu eta ikertzea ere", adierazi du Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusiak aplikazioaren aurkezpenean.
Aplikazioan bertan, salatu nahi den iragarkia edo informazioa deskribatu behar da; ondoren, zergatia adierazi behar da; nahi izanez gero, irudia bidal daiteke. Zergatia azaltzeko, komunikabide eta publizitate agentzien kode deontologikoan agertzen diren gomendioak irakur daitezke aplikazioan bertan, eta nahi dena markatzeko aukera ere eskaintzen du.
Publizitate eta Komunikazio Ez-sexista Erabiltzeko Batzordeak, alegia, Begirak, mezu elektroniko eta telefono bidez jaso izan ditu kexak orain arte; baina aplikazio berriarekin ere prozedura berari jarraitzea da asmoa. Behin kexa bidalita, dagokien agentzia edo komunikabideetara bideratzen da, eta akatsak zuzentzeko gomendioak ematen zaizkie. Kexekin bat egiten duten prestakuntza eta sentsibilizazio saioak ere plantetzen dizkiete.
Aplikazio hori kexak bidaltzeko tresna bat baino gehiago da, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera: "Sentsibilizatzeko tresna ere izatea nahi dugu, jendeari hausnarketa egitea ahalbidetzeko".
Iaz, 56 kexa jaso zituen Begirak posta elektronikoz. Publizitatean estereotipo eta rolei buruzkoak izan ziren gehienbat, eta gorputz perfektuaren eredu bakarrari buruzkoak. Komunikazioaren arloan, berriz, emakumeen aukako indarkeriari buruzkoak izan ziren kexa gehienak.